ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian |
![]() HELBIDE BERRIA/NUEVA DIRECCION:orain.blogia.com
Posta elektronikoa/Correo electrónico: orainaldizkaria@euskalerria.org ORAIN-ek KORRIKA 16EKIN:www.korrika.org ORAIN EGUNKARIAREKIN.Kasu itxita orain!.Informazio gehiago:www.egunkaria.info |
|
|
Donostia-Bilbao (Agentziak/Berria).- Euskadiko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxerik ez da izango. Oraingoz ez, behintzat. Gipuzkoa Donostia Kutxako batzarrak ez zion oniritzirik eman BBK-rekin bat egiteari, eta bi kutxetako zuzendaritzek defendaturiko proiektua bertan behera geratu da. Xabier Iturbe Kutxako presidenteak, porrota onartu arren, «hurrengo hilabeteotan» bat-egitearen lan egingo dutela ziurtatu zuen. Espekulazioak espekulazio, batzarkide guztiak, ehun, agertu ziren Kutxak Donostiako Andia kalean duen batzar aretora. Hortaz, proposamenak aurrera egiteko 67 boto bildu behar zituen. Lau botoren faltan geratu zen. Hau da, aurretik fusioaren alde egingo zutela ziurtzat jotzen zena baino hiru gutxiago. Batzarretik ateratako ordezkari politiko guzti-guztiek Ezker Batuko hiru ordezkariri egotzi zieten abstenitu izana. Alderdi horretako laugarren ordezkariak, EAJ-EAren zerrendan hautatutako Mikel Izagirrek, aldeko botoa eman zuela ziurtatu zuen. Ustez abstenitu ziren hiru ordezkari horiek desadostasun handiak dituzte Javier Madrazoren zuzendaritzarekin, eta bozkatu bezain pronto egin zuten alde batzar aretotik, inolako adierazpenik egin gabe. Edonola ere, abstentzioak ez ziren izan bat-egite proiektuaren porrotaren erantzuleak, horiek gabe ere boto baten faltan geratu zirelako. Agerikoa denez, PSE-EEko 18 ordezkariek, ezker abertzaleko 12ek -Banatuzeko zortziek, EAE-ANVko hiruek eta LABeko batek-, PPko hiruek eta ELAko bakarrak ez zuten bat-egitearen alde egin, nahiz eta horietako batek abstentzioaren bidez erakutsi zuen bere desadostasuna. Aldeko botoak, berriz, EAJ-EAko 50 ordezkariek, CCOOko zortziek, Pixkanaka-Kaskariko biek, Aralarreko bakarrak eta EBko Izagirrek eman zituzten. «Alderdikeriaz jokatu dute» ERREAKZIOAK BILBOTIK Xabier de Irala,BBKk lehendakaria: «Garapen ekonomikoa sustatuko zuen tresna sortzeko aukera galdu da» Bilbao.-Gaur egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko, horretarako batu behar ziren BBK eta Kutxa Xabier Irala BBK-ko presidentearen iritziz. Hala esan zuen batzarrean, artean bi bozketetako emaitzako ez zekizkienean: «Bi erakundeek ez dute bat egin behar arrazoi politikoengatik, historiako finantza krisirik handienari erantzuteko baizik». Handik ordu batzuetara, Kutxako ordezkariek proiektuari ezezkoa eman ziotela jakin zuenean, ildo beretik mintzatu zen. «Gure herriaren garapena sustatuko zuen tresna sortzeko aukera galdu da». Haren esanetan, BBK-k aurrerantzean ere Euskadiko erreferentziazko kutxa bihurtzeko lanean jarraituko du, eta penatan dagoela gaineratu zuen, «fusioa zelako horretarako bidea». Halere, haren iritziz, badaude beste tresna batzuk. Ez zen sorpresarik izan BBKren batzarrean. Espero bezala baiezkoa aise nagusitu zen: ehun lagunetatik 94 agertu ziren bozketara, 68 lagunek alde bozkatu zuten eta 26k kontra . |