ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian |
![]() HELBIDE BERRIA/NUEVA DIRECCION:orain.blogia.com
Posta elektronikoa/Correo electrónico: orainaldizkaria@euskalerria.org ORAIN-ek KORRIKA 16EKIN:www.korrika.org ORAIN EGUNKARIAREKIN.Kasu itxita orain!.Informazio gehiago:www.egunkaria.info |
|
|
Apirilaren 1ean PSE-EEk eta PPk alderdi sozialista lehendakaritzara eramango duen ituna sinatu zutenetik jendaurreko lehen agerraldia egin dute Patxi Lopezek eta Antonio Basagoitik. PSE-EEko idazkari nagusia eta PPko presidentea Eusko Jaurlaritza berriaren lehentasunak aztertzeko elkartu dira PSE-EEk Bilbon duen egoitzan. Basagoitiren eta Lopezen argazkiaren ostean bilera egin zuten. Gero, bakoitzak bere aldetik, bakoitzak bere egoitzan egin zuen agerraldia. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztien artean ETAren aurkako «akordio demokratiko zabala» abiatu nahi duela jakinarazi zuen Lopezek agerraldian. Eta berretsi zuen PPrekin «lehentasunezko harremana» izateko asmoa duela. Baina adostasunetara iristeko, bereziki oposizioko alderdi nagusiarekin, EAJrekin, akordioak lortu nahiko lituzkeela gaineratu du. Bileran «garrantzi politiko eta ekonomiko handia» duten gaiak izan dituzte hizpide. Alde batetik, «askatasunen defentsa». Bestetik, krisi ekonomikoa. Jaurlaritza berriak ETAren aurkako borroka lehenetsiko du, Lopezen esanetan. «Eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu terroristak jazartzeko, atzemateko eta epaileen aurrera eramateko. Gainera, ETAren indarkeria babesten eta zuritzen dutenei ez diegu utziko legezko espazio bakar bat ere». ETAren aurkako borrokan «alderdi demokratiko guztiei» parte hartzeko eskatu die PSE-EEko buruak. Legebiltzarreko alderdien artean «terrorismoaren aurkako oinarrizko konpromiso demokratikoa» lortu nahi du Lopezek. «ETAk azken agirian Jaurlaritza eta lehendakari berria mehatxatzearekin, ez du bakarrik PSE-EEren aurka egin, euskal gizarte osoaren kontra baizik». Egunotan, Gobernua osatzeko lanean ari dela baieztatu du Lopezek. Horretarako, «PSE-EEko kideak eta independenteak» deituko dituela azaldu du. Nolanahi ere, ez ditu aurreratu Jaurlaritzako kide izan daitezkeenen izenak. PSE-EEko buruak «pazientziaz eta erantzukizunez» jokatzeko eskatu die komunikabideei. «Ez da komeni inor konpromisoan jartzea. Egoera ez da erraza, etorkizuneko Jaurlaritzari ETAk mehatxu egin diolako. Izenak komunikabideetan agertzeak badakigu zer esan nahi duen». «Zatiketan eta konfrontazioan oinarritutako politikak» baztertu nahi ditu Lopezek. Horretarako, EAJrekin kolaborazioa izateko «enfasi berezia» jarriko du, «oposizioko alderdi nagusia den heinean». Basagoitirekin izandako bileran, ordea, buruzagiek ez dute Arabako Foru Aldundiaren etorkizuna eztabaidatu. «Erabakia Aldundiek eta EAJk erakusten duten jarreraren araberakoa izango da». Jarduneko Jaurlaritzari, ordea, «politika egiteko tarterik» utzi nahi ez izatea leporatu dio Lopezek. PSE-EEko buruak gogor kritikatu du 312 milioi euroko gastuak onartu izana: «Jarduneko gobernuari krisiari aurre egiteko premiazkoak diren neurriak hartzeko eskatu genion, legegintzaldiko aurrekontua baldintzatu gabe». Jaurlaritza berriak «krisitik ateratzeko» beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela dio Lopezek: «Baliabide ekonomiko guztiak erabiliko ditugu, baita herri bezala daukagun zorduntze gaitasuna ere». Basagoitik, bestalde, lehendakari berriari «egonkortasuna» eskainiko diola berretsi du. PPk eskatuko duen baldintza bakarra izango da «hitzartutako bideari eustea; askatasunen aldeko defentsan eta krisiaren aurkako borrokan aritzea, alegia». PPko buruak Estatuko Segurtasun Indarrak zoriondu ditu azken atxiloketengatik. «Albiste ezin hobea da, eta, hemendik aurrera, Ertzaintzak arrakasta polizial horiekin bat egin behar du. Gainera, beharrezkoa da hiltzaileak zuritzen dituztenen finantzaketa eta bozeramaileak bertan behera uztea». Basagoitik ETAren aurka hartu nahi dituen neurriak azaldu ditu: «Terroristak atxilotzeaz gain, azpiegitura osoaren aurkako politikak egingo dira, hau da, ekonomia, gizartea, komunikabide eta kultura arloan». Krisiari aurre egiteko, berriz, PPk laguntza eskaini eta «erantzukizunez» jokatuko duela dio. |