Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

Elkarrizketa:Albert Pla: «Obama nazioarteko terrorista zela pentsatzen nuen»

Irune Berro

Irune Berro/ Bilbo /Berria Egunkaria

La Diferencia Ikuskizun berrian, bere kabuz moldatzen da Albert Pla musikari kataluniarra (Sabadell, 1966). Inoren laguntzarik ez du. Argien koloreek janzten dituzte abesti biluziak. Istorio tragikoak eta eldarniozkoak kontatzen dituzte: egunerokoak eta harrigarriak, leunak eta basatiak, gordinak eta surrealistak. Barea ekaitza bihurtzen da Plaren kantuetan, agerian uzteko zein mehea den ongiaren eta gaizkiaren arteko muga, zuria eta beltzaren artekoa...

Zein da aldea batzuen eta besteen artean?
Horixe galdetu dut diskoko abestietan. Sarri askotan, erantzunik ez duten galderak egiten ditut. Eta ez dut erantzunik espero.
Beste batzuetan erantzunak emateko modua izaten da galderak egitea...
Areago: batzuetan inork galdetu gabe ematen ditut erantzunak.
Inoiz esan duzu abesti bat sortzen hasten zarenean ez dakizula zehazki abestiak nora eramango zaituen, zer kontatuko duzun...
Bai. Hala izaten da. Abestiak agintzen du. Beti ari naiz abesti berriak sortzen. Ideiak datozkit burura, eta gero leku batean edo bestean jartzen ditut. Abesti batean, edo bestean, edo inon ere ez.
Alta, sei urte igaro dira zuk idatzitako kantuez osatutako azken diskoa (Anem al llit) atera zenuenetik. La diferencia disko berrian jaso dituzunak azken sei urteetan idatzi dituzu edo azken garaikoak dira?
Oraingoak dira. Tira, den-denak ez. Abestiak sortzen doaz. Batzuetan besteen hitzetan ikusten dituzu abestiak. Oraingoan, nik neuk idatzi ditut letrak. Diskoan denetarik dago, batzuk besteak baino berriagoak dira.
«Egin» esaten duzu, «idatzi» barik. Egia da abestien letrak idazten ez dituzula? Bururatu ahala ikasten dituzu buruz?
Bai, egia da. Horregatik zaila da niretzat «abesti hau berria da» esatea. Buruan abesti askoren zatiak ditut. Eta batzuetan esaten dut «hau bukatuko dut» edo «abesti honetako lerro hauek beste honetara pasatuko ditut». Hau da, abesti berri batek ideia zaharra izan dezake oinarrian, etengabe ari bainaiz nire barnean abestiak sortzen.
Eta noiz ematen duzu bukatutzat abesti bat?
Grabatzerakoan. Grabatzen dudanean ez diot buelta gehiagorik ematen. Atera den bezala ateratzen da. Abesti horren beste bertsio bat da grabazioa.
Katalanezko eta gaztelaniazko abestiak egiten dituzu. Nola aukeratzen duzu zein hizkuntzan aritu?                                                                                            
Ateratzen zait bata edo bestea.
Azken urteetan katalanezko abesti gutxiago egin dituzu, ezta? Azken diskoan bakar bat dago katalanez...
Baditut abesti asko katalanez, baina oraindik ez ditut grabatu. Diskoko azken abestia katalanez egin dut. Quimi Portet izan da ekoizlea eta katalanez izatea nahi zuen. Nik gaztelaniaz izatea nahiago nuen. Katalunia zer den azaltzen dut bertan, eta bada garaian Mexikon jakin dezaten nortzuk garen katalanak.
Askotan joaten zara Mexikora jotzera, ezta? Zergatik?
Ez dakit, jatorrak dira.
Zure abestiak pentsatzeko eta barre egiteko direla esan duzu inoiz. Garrantzitsua da zuretzat umorea?
Ez dut uste halakorik esan dudanik. Ondo pasatzeko egiten ditut abestiak, poza ematen didatelako. Nola aukeratzen ditudan gaiak? Gutxien espero dudanean bururatzen zaizkit.
AEBetako hauteskundeen egunean, hilaren 4an mintzatu zen BERRIA Egunkariak Plarekin. Artean, emaitzen berri ez zegoen oraindik.
AEBetako hauteskundeekin egingo al zenuke abestirik?
Bost axola zaizkit AEBak. Ez dakit zergatik, baina niri Gipuzkoa ekartzen didate gogora.
Bizkaian gaude.
Bai, bai. Eta Gipuzkoa ekartzen didate gogora.
Azal dezakezu zergatik?
Bada... ez dakit zergatik, baina hala da [irribarre egin du].
Nor nahiago duzu, Barack Obama edo John McCain?
Ez dut bietako inor ezagutzen. Gauzak zer diren... Obama nazioarteko terrorista zela pentsatzen nuen.
Jende askorentzat zoro ukitua izateak nola eragiten dizu abestiak sortzeko unean edota eszenatokira igotzerakoan?
Ez dit ezertan ere eragiten.
Frankotiratzaile baten moduan ikusten duzu zure burua, artista independente gisa, edo mugimendu edota artistaren baten eragina onartzen duzu?
Ideia zipitzik ere ez daukat. Munduan bizi zara, eta ideiak iristen zaizkizu batetik edo bestetik. Pentsatzen dut eraginen bat izango dutela niregan. Baina ez dakit zehazki zerk eragiten didan, ezta zergatik ere.
Zenbateraino antzezten duzu pertsonaia bat eszenatokian?
Agertokira antzeztera ateratzen naiz, bazkaltzera mahaiaren bueltara batzen naiz, eta lotara ohera joaten naiz. Eszenatokian ni naiz, baina «ni naiz» esatean, esan nahi dut ni naizela antzezten duena.
Eta eszenatokitik kanpo ez duzu pertsonaia bat antzezten?
Denok antzezten dugu neurri batean. Denok jokatzen dugu rolen bat uneren batean.
Zuregan, erotasuna eta sorkuntza gertu daude?
Ez zait iruditzen.
Quimi Portet, Tino di Geraldo, Jordi Busquets, Diego Cortes, Judith Farres eta Pascal Comelade musikariekin grabatu duzu diskoa. Alabaina, zuzenekoetan bakarrik ariko zara. Abestiek beste soinu bat izango dute, ezta?
Abestiak berberak dira, baina desberdin emango ditut. Eszenatokian eroso sentitu nahi dut.
Patata zaku bat jantzita eroso aritzen zara?
Bai, oso erosoa da.
Ez dizu azkurarik ematen?
Ez, zetazko jantzi bat bezalakoa da niretzat.
Zer harreman duzu Euskal Herriko musikariekin?
Kontzertuetara ordaindu barik sartzen uzten didate. Eta oso onak iruditzen zaizkit: Fito, Robe, Fermin Muguruza... Mikel Laboa izugarria iruditzen zait.

0 comentarios