Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

Gipuzkoa Donostia Kutxa:"Ez,ez eta ez".Agur Euskal kutxari bat-egiteak

Gipuzkoa Donostia Kutxa:"Ez,ez eta ez".Agur Euskal kutxari bat-egiteak

Donostia-Bilbao (Agentziak/Berria).- Euskadiko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxerik ez da izango. Oraingoz ez, behintzat. Gipuzkoa Donostia Kutxako batzarrak ez zion oniritzirik eman BBK-rekin bat egiteari, eta bi kutxetako zuzendaritzek defendaturiko proiektua bertan behera geratu da. Xabier Iturbe Kutxako presidenteak, porrota onartu arren, «hurrengo hilabeteotan» bat-egitearen lan egingo dutela ziurtatu zuen. Espekulazioak espekulazio, batzarkide guztiak, ehun, agertu ziren Kutxak Donostiako Andia kalean duen batzar aretora. Hortaz, proposamenak aurrera egiteko 67 boto bildu behar zituen. Lau botoren faltan geratu zen. Hau da, aurretik fusioaren alde egingo zutela ziurtzat jotzen zena baino hiru gutxiago. Batzarretik ateratako ordezkari politiko guzti-guztiek Ezker Batuko hiru ordezkariri egotzi zieten abstenitu izana. Alderdi horretako laugarren ordezkariak, EAJ-EAren zerrendan hautatutako Mikel Izagirrek, aldeko botoa eman zuela ziurtatu zuen. Ustez abstenitu ziren hiru ordezkari horiek desadostasun handiak dituzte Javier Madrazoren zuzendaritzarekin, eta bozkatu bezain pronto egin zuten alde batzar aretotik, inolako adierazpenik egin gabe. Edonola ere, abstentzioak ez ziren izan bat-egite proiektuaren porrotaren erantzuleak, horiek gabe ere boto baten faltan geratu zirelako. Agerikoa denez, PSE-EEko 18 ordezkariek, ezker abertzaleko 12ek -Banatuzeko zortziek, EAE-ANVko hiruek eta LABeko batek-, PPko hiruek eta ELAko bakarrak ez zuten bat-egitearen alde egin, nahiz eta horietako batek abstentzioaren bidez erakutsi zuen bere desadostasuna. Aldeko botoak, berriz, EAJ-EAko 50 ordezkariek, CCOOko zortziek, Pixkanaka-Kaskariko biek, Aralarreko bakarrak eta EBko Izagirrek eman zituzten.
Ezer gutxirako balio izan zuen BBK-k Sondikan egindako batzarrean gertatutakoak: fusioak aldeko 68 boto eta aurkako 26 jaso zituen. Ez zen, beraz, sorpresarik izan.

Iturbek ez du amore eman
Bozketa izan eta berehala azaldu zen Xabier Iturbe Kutxako presidentea komunikabideen aurrera. «Atsekabetuta» zegoela ziurtatu zuen, eta aurpegiarekin baino, ahotsaren bidez erakutsi zuen kolpe gogorra jaso zuela. Batzarraren erabakia «errespetatu» egiten zuela aldarrikatu zuen, baina argi utzi zuen bera buru duen taldeak ez duela bat-egitea betirako alboratu. «Fusioa garbi daukagu, gure ikuspuntutik proiekturik onena da eta hurrengo hilabeteotan lan egingo dugu fusioaren alde». Kutxak planak badituela eta bere kasa aurrera egiteko «indartsu» zegoela esan eta alde egin zuen prentsa aretotik, dimitituko al duen galderari erantzun gabe. Bat-egiteak noizbait aurrera egingo badu, aldez aurretik sostengu handiagoak bilatu beharko direla nabarmendu zuen Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-Eko idazkari nagusiak. «Mezu garbia da, batez ere EAJrentzat. Apalago izan behar dute, ezin dute pentsatu herria beraiena dela, erakundeak beraienak direla, eta denei beraien borondatea inposatu diezaieketela. Adostasun handiagoa lortzeko lan egin behar da; hiru kutxen sostengua lortzeko.

«Alderdikeriaz jokatu dute»
Oso bestelako iritzia azaldu zuen Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko presidenteak. «Drama baten aurrean gaude. Izugarrizko berri txarra da Gipuzkoako eta erkidegoko ekonomiarentzat. Batzuek jokatu nahi izan dute partida hau benetan garrantzia dituzten gaiak kontuan hartu gabe. Joko maltzur batean sartu dira, proposamena hankaz gora botatzeko. Ikusita egoera ekonomikoak zer nolako erronkak jarri dizkigun begibistan, hurrengo asteotan eta hilabeteotan ekonomiak nabarituko du gaur hemen gertatu dena. Politikeriaz jokatu dute batzuek, eta gizarteari eta ekonomiari zer komeni zaion begiratu beharrean, nahiago izan diote alderdien arteko xextra honetan sartu eta epe motzera jokatu, agian laster hauteskundeak daudelako. Ondorio latzak izango ditu». Galdosek ziurtatu zuenez, Gipuzkoako PSE-EE bat-egitearen aldekoa zen «Kutxako asanblean emaitza txarrak lortu arte. Itxaripena zuten zuten indar gehiago izateko eta ez dutenean aldatu zuten jarrera. Hori alderdikeria da, baina izugarrizko kaltea egiten ari zaizkio Gipuzkoako etorkizunari». Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere «alderdikeriaz eta hauteskundeei begira jokatzea» egotzi zien proposamenaren aurkakoei, baina bat-egitea «aurki errealitatea» izango dela iragarri zuen, «euskal gizarteak etorkizunaren alde egiten duelako». Kutxako batzarraren erabakia «sakonki deitoratu» zuen Gipuzkoako Merkataritza Ganberak ere. Kanpoan protesta egin zuten ezker abertzaleko ordezkariek eta baita baita Jaizkibel Bizirik plataformakoek ere. Ertzaintzak Gipuzkoa plazara bidali zituen.

ERREAKZIOAK BILBOTIK

Xabier de Irala,BBKk lehendakaria: «Garapen ekonomikoa sustatuko zuen tresna sortzeko aukera galdu da»

Bilbao.-Gaur egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko, horretarako batu behar ziren BBK eta Kutxa Xabier Irala BBK-ko presidentearen iritziz. Hala esan zuen batzarrean, artean bi bozketetako emaitzako ez zekizkienean: «Bi erakundeek ez dute bat egin behar arrazoi politikoengatik, historiako finantza krisirik handienari erantzuteko baizik». Handik ordu batzuetara, Kutxako ordezkariek proiektuari ezezkoa eman ziotela jakin zuenean, ildo beretik mintzatu zen. «Gure herriaren garapena sustatuko zuen tresna sortzeko aukera galdu da». Haren esanetan, BBK-k aurrerantzean ere Euskadiko erreferentziazko kutxa bihurtzeko lanean jarraituko du, eta penatan dagoela gaineratu zuen, «fusioa zelako horretarako bidea». Halere, haren iritziz, badaude beste tresna batzuk. Ez zen sorpresarik izan BBKren batzarrean. Espero bezala baiezkoa aise nagusitu zen: ehun lagunetatik 94 agertu ziren bozketara, 68 lagunek alde bozkatu zuten eta 26k kontra .

0 comentarios