Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

Demokrazia 3.000.000 plataforma sortu dute, bozetara aurkezteko

Martxoaren 1ean egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta alderdi politikoek dagoeneko martxan dituzte bozei begirako makineriak. Gehienek ezker abertzalea ez dela boz horietan egongo jakintzat emanda. Baina «abertzale eta ezkertiarrek» beraiek ere hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea dutela uste dute. Demokrazia batean, aukera politiko guztiek dutela hauteskundeetan lehiatzeko eskubidea. Horixe dela demokraziaren beraren oinarria. Eta lanean jarri dira. Herri plataforma bat sortu, eta publikoki aurkeztu dute beren buruak abertzale eta ezkertiar gisa aurkeztu duten 15 bat lagunek: Demokrazia 3.000.000. D3M. Hedabideen ikusmin handiarekin hartu dute hitza Itziar Lopategik eta Amparo Lasherasek, Bilboko aurkezpenean. Ezker abertzaleko beste hainbat kide ezagun ere egon dira ekitaldian. Besteak beste, Itziar Aizpurua, Julen Aginako, Miren Legorburu eta Unai Urruzuno. Horiez gain, Gabi Basañez EHEko kideak, Haizea Ziluaga abokatuak, Josu Muguruza zenaren alaba Ane Muguruzak, 1976ko martxoaren 3ko biktima Andoni Txaskok eta Txerra Bolinaga musikariak ere babestu dute ekimena hedabideen aurrean agertuta. Plataformaren bidez, «aldaketaren norabidean ekarpena» egin nahi dutela azaldu dute. «Haize berria» eskaini nahi dutela. «Herri hau iraganean ainguratuta» utzi nahi dutenen aurrean, «aurrera begira» jarri nahi duela D3M plataformak. Herritarren laguntza eskatu dute aurrera egin ahal izateko. «Milaka eta milaka sinadura behar ditugu». Ia 18.000 sinadura behar dituzte. Astelehenean bertan hasiko dira horiek biltzen udaletxe eta notarioen bulegoetan. Izan ere, sustatzaileek urtarrilaren 21 eta 26 bitartean aurkeztu beharko dituzte zerrendak hauteskunde batzordean. Sinadura horiek lortuz gero ez legokeela hauteskundeetara aurkezteko arazorik dio Itziar Lopategik. Legez kanporatzeko aukerari buruz galdetuta, «ez dago horretarako arrazoirik», erantzun du. «Guk, herritar gisa, badugu hauteskundeetara aurkezteko eskubidea».
Baina Candido Conde Pumpido Estatuko fiskal nagusiak plataformaren zilegitasuna aztertzeko neurriak dagoeneko hartu dituela jakinarazi zuen ostiralean, ekimena aurkeztu ere egin gabe zegoenean. Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari, Ertzaintzari eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari ikerketak abiatzeko eskatu zion. Demokrazia 3.000.000 izenarekin aurkeztekoa zen plataformak Alderdien Legeari iruzur egin nahi dion susmoak zituela, eta horien zerrendakideei zein sustatzaileei buruzko informazioa bil dezatela agindu zien, zerrendak Auzitegi Gorenean inpugnatu ahal izateko. «Uste dugu herritar gisa eskubide osoa dugula hauteskundeetan aurkezteko plataforma bat sustatzeko», erantzun zuen Amparo Lasherasek atzo. «Gure buruan ez da sartzen gobernu demokratiko batek hori debekatu dezakeenik. Hauteskundeetara aurkeztera goaz eta horietan egoteko asmoa dugu». D3M plataformaren «bokazioa» zein den ere azaldu dute Lasherasek eta Lopategik. «Demokrazia nahi dugu, herri honetako gizon-emakumeen borondatea oinarri izango duena, Euskal Herriko hiru milioi biztanleren eskubide demokratikoetan oinarrituko dena». «Bake iraunkorra» lortzeko, elkarrizketa eta negoziazio prozesu berri bat eraiki nahi dutela dio. «Konponbide demokratikoari beste aukera bat eman nahi diogulako gaude hemen. Beste ziklo politiko bati ateak zabaltzeko». Aldaketa «posible» dela uste du. EAJk, berriz, «beldur» dio «benetako aldaketa politikoari», plataformaren sustatzaileen ustez. Eta aldaketa «irudikatu» nahi duen arren, «egungo oinarri politikoak bere horretan mantentzeko» bidean ari dela lanean. «Hegemonia eta kudeaketa instituzionala bermatzeko gehiengoak bilatzen». Horrela, baina, gatazka politikoa ere bere horretan mantenduko dela ohartarazi dute. «Salbuespeneko legeak, indarkeria, eskubide urraketak eta abar» gaur bezala jarraituko dutela.

Sinadura kopurua:17.700 sinadura behar ditu gutxienez herri plataformak hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. 9.500 Bizkaian, 5.700 Gipuzkoan eta 2.500 Araban. Jarraituz,abiatuko da bilketa.

Erreakzioak

-Rodolfo Ares.PSEko zuzendaritzako eleduna:«D3Mk legez kanporatuak izan diren alderdien ordezkapena egin nahi duela dirudi. Hori lege iruzurra da. Eta beste legez kanporatze batek konfrontazioa eta biktimismoa areagotzera eramango du».

-Unai Ziarreta.Eusko Alkartasuneko presidentea:«Espero eta desio dut normaltasunez hauteskundeetara aurkeztu ahal izatea. Ezker abertzaleak sektore soziologiko garrantzitsua osatzen du herri honetan, eta eskubide guztia dute aurkezteko».

-Javier Madrazo.EBko koordinatzailea:«Zapateroren eta PSEren borondatearen eta komenientziaren arabera, legez kanporatuko dute D3M. Baita ezker abertzalearen hautagaitza horrek euren ustez egin dezakeen kaltearen arabera ere».

-Aintzane Ezenarro.Aralarreko zerrendaburua Gipuzkoatik:«Ikuspuntu demokratiko batetik, aukera politiko guztiek hauteskundeetan aurkeztearen alde gaude. Nahi dugu herritarrek erabaki ahal izatea aukera politiko bat zigortzen duten edo ez».

-Antonio Basagoiti.PPko hautagaia lehendakaritzarako:«Espainiako Gobernuak hautagaitza horren kontra egin behar du. Hala ez badu egiten, PSOEk terrorismoaren kontra eraiki duen politika berri horren gaztelua goitik behera erori egingo da».


0 comentarios