Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

Baltasar Garzónren eskutik,Polizia-operazio handia ezker abertzalearen aurka

Espainiako Poliziak gutxienez 9 pertsona atxilotu ditu gaur goizaldean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak ezker abertzalearen aurka agindutako operazio handi batean.Halaber, agenteak hainbat miaketa egiten ari dira hiru lurraldeotan, eta operazioa zabalik dago oraindik. Garzon Bilbora bertaratu da eta bertatik ari da operazioa zuzentzen. Atxiloketak 01:30ean hasi dira.Informazio agentziek ziurtatu dutenez, legez kanpo dauden alderdiekin behin eta berriro kolaboratzea egozten diete atxilotutakoei. Gainera, antza denez, agenteak balizko frogak bilatzen ari dira Askatasuna alderdia eta Demokrazia Hiru Milioi plataforma (D3M) Batasunarekin lotu ahal izateko.Operazioaren inguruko informazioa nahasgarria da oraindik, eta atxilotutakoen izenak aldatu egiten dira iturri batetik bestera. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak orain arte honako atxiloketak baieztatu ditu: Arantza Urkaregi (Bilbon atxilotua), Eli Zubiaga (Algorta), Iker Rodrigo (Erromo) eta Agurtzane Salaberria (Usurbil).Informazio agentziek izen gehiago eman dituzte, tartean Amparo Lasheras eta Aitor Bezares, baina informazioa ez da ofiziala.Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren esanetan, agenteek Tasio Erkizia, Marine Pueyo, Santi Kiroga eta Joxerra Etxebarria buruzagi abertzaleen etxebizitzak miatu dituzte, baina badirudi ez dituztela atxilotu.Halaber, Bilbon, Herria Aurrera ezker abertzaleak 2003ko udal hauteskundeetarako aurkeztutako eta epaileek legez kanpo utzi zuten plataformaren egoitza ere arakatu dute. Garzonek parte hartu du miaketan.

ATXILOKETAK

- Arantza Urkaregi, Bilbon atxilotua. EAE-ANVko bozeramailea da. Halaber, 1999 eta 2003 urteen artean EHko zinegotzia izan zen Bilboko Udalean.

- Amparo Lasheras, Gasteizen atxilotua. Kazetaria da eta hainbat urte daramatza ezker abertzalearekin lotuta. Orain D3M plataformako bozeramailea zen.

- Aitor Bezares, Gasteizen atxilotua. Parlamentarioa da Arabako Batzar Nagusietan 2007tik, EAE-ANVko zerrendaburua izan baitzen Gasteizen. Epaileek legez kanpo utzi ez zuten zerrenda bakarretakoa izan zen hori.

- Jose Ramon Etxebarria, Bizkaian atxilotua. Herri Batasuneko mahaikidea eta legebiltzarkidea izan zen. Halaber, EHUk kaleratutako eta 10 urtez egunero Leioako campusean elkarretaratzea egiten zuten irakasleetako bat zen.

- Iñaki Olalde, Agurainen atxilotua. Zinegotzia izan zen Arabako herri horretan, eta parlamentarioa Batzar Nagusietan. Batasunaren azken Mahai Nazionaletik aske jarraitzen zuen gutxietakoa zen.

- Imanol Nieto, Sestaon atxilotua. 2001ean Haikako buruzagia izatea egozten dio Garzonek. 1998an ere atxilotu zuten, kale borroka ekintzetan parte hartzea leporatuta.

- Hodei Egaña, Donostian atxilotua. 2002an eta 2007an ere atzeman zuten, kale borroka ekintzetan parte hartzea egotzita. Iaz Auzitegi Nazionalera eraman zuten, deklaratzera, Iñaki de Juana Chaosi Donostian eskainitako omenaldiaren sustatzaileetako bat izatea leporatuta.

- Agurtzane Olabarria, Usurbilen atxilotua.

Antza denez, Bizkaian beste pertsona bat atxilotu dute, baina oraindik ez dute baieztatu nor den.


 

0 comentarios