Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

ETA commemora els 50 anys d´existència amb un comunicat demanant "unir forces en l´etapa de la independència"després dels avanços en aquests anys i recordant que cal "empendre el camí per a què EH tingui el seu lloc al món"

ETA, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzailea sortu zela 50 urte bete berri dira. Mende erdiko borroka bidea urratu ondoren apaltasunez gure herriari, Euskal Herriari, zuzentzen gatzaizkio:

Sar hitza

1958. urteko amaieran bildu ziren Euskadi Ta Askatasuna osatuko zuten lehen burkideak. EAE-ANVren jaiotza ondoren, eta gerra ostetik, abertzaletasunarentzat mugarri berria izan zen orduan ETAren sorrera. Erreminean eta etsipenez lurperatua zegoen Euskal Herria piztu zuen Euskadi Ta Askatasunaren sorrerak.

ETAren sorrerak abertzaletasun modernoa sortu zuen, herri honi duintasuna itzuli zion. ETA izan zen nazio arazoa eta klase kontzientzia enbor bereko ezpalak zirela ondorioztatu zuena, herri honentzat, eta bere herritarrentzat, proiektu politiko osatu bat aurkeztu zuena: independentzia eta sozialismoa.

Frankismo garaian sortu arren, ETAren helburua ez zen frankismoa garaitzea. ETAren helburua Euskal Herria askatasunera eramatea izan zen eta oraindio helburu horri lotzen gatzaizkio. Herritik sortutako erakundea da gurea, hamarkadaz hamarkada etengabe herritik birsortu dena. Hortik datorkio bere garaitezintasuna. Gaur duela 50 urte bezala agintari espainiarrak ETArekin amaitzear daudela dihardute. Gauza batzuk gutxi aldatzen dira 50 urtetan.

ETAren ibilbidea bere militanteen konpromisoa eta eskaintza zabalarengatik ezaugarritua egon da. ETAk herri honen mirespena eta errespetua irabazia du herri honen interesak gauza ororen gainetik ezarri dituelako beti.

50 urtez, herri bat borrokan eraikitzen

Frankismoaren eraso faxisten eraginez gure herria umilazioaren amildegitik behera zihoanean jaso genuen. ETA faxismo garai latz horietan jaio zen, nazionalismo kontserbadoreak egoera horri erantzuteko inongo borrokarako aukerarik eskaini gabe Euskal Herria AEBen laguntzaren zain egon behar zela aldarrikatzen zuenean. Abagune hartan batzuk euskalduntasuna abizenetan zenbatzen zuten bitartean, Espainiatik Euskal Herrira ogibide bila etorritako milaka eta milaka etorkin Nazio Askapenerako Mugimendura eta Euskadi Ta Askatasunaren sokara buru belarri lotu ziren.

50 urte ondoren borrokaren bidez herri honek bizirik eta bizi nahiaren borrokaz arnasten jarraitzen du. Zatiketa estatal, jakobinismo, frankismo, inposatutako konstituzio, ez ezagutza administratibo, estatutismo eta herri honi inposatutako amaraun juridiko politiko eta erregimen guztiei gailendu zaie. Herri honen independentziaren alde borroka eginez herri hau bere askatasunera hurbiltzeko urrats sakonak eman ditugu. Gaur independentziaren aldekotasuna duela 50 edo 30 urte baino errotuago agertzen zaigu.

Atturritik Ebrora herri hau eraikitzen eta defendatzen jendarte sare zabala antolatua dago estatuek inposatutako mugak gaindituz eta herri bezala aurrera ekinez. Hamarkadetan euskal herritarrek auzolanean bereganatu dituzte Euskal Herriko instituzioek bete behar lituzketen funtzioak. Erreformaren instituzioetatik herri hau hiltzera kondenatzen zen bitartean militante independentistok biharko Euskal Herriaren zutoinak eraikitzen aritu gara: nazio kontzientzia indartuz, belaunaldi berri eta zaharrak euskaldunduz, lurralde batasuna indartuz, herri antolakuntza eta herri mugimendua bultzatuz...

Herri aske gisa ez bada ere, Euskal Herria, borrokaren bidez bere askatasunaren ateak oraindik zabalik aurkitzen dituelarik iritsi da XXI. mendera. Polizia etxe eta kasernetan beheratu eta torturatutako herritarren konpromisoagatik ez balitz, eguneroko xinaurri lanean adorez beterik gure hizkuntza, kultura, eraldaketa soziala, herri ohitura eta sareen alde aritutako emakume eta gizonengatik ez balitz; langile militante, gazte intsumiso eta konprometitu; ama-aita hezitzaile, irakasle, kazetari, idazle, hautetsi, kirolari zein kulturgile konprometitu; herri mugimendutan aritutako bizilagun... eta hamarkada eta hamarkadetako espetxe zigorraren aurrean egunero duintasunez herri honi argia eta bultzada eman diotenak izan ez balira, Espainian eta Frantzian urtutako erregio folkloriko bat besterik ez ginateke izango egun. Horiek guztiek beren biziko konpromisoa hartu izan ez balute, aspaldi egina zuen Euskal Herriarenak.

Aitzitik, 50 urte ondoren Euskal Herriak herri lez bizi duen egoera larria da. Bere etorkizuna bermatu gabe jarraitzen du. Herri egiten duten zutabeak etengabe erasotuak dira Frantzia eta Espainiaren egiturengandik. Bi estatu etsaiek beren tresneri armatu, politiko, ekonomiko, kultural eta mediatikoa erabiltzen dute herri izaera eta herri askea izateko ditugun baliabideak xehatzeko.

Independetistontzat 50 urteko bidea urratu geroko atzerako begirada gazi-gozoa da ezinbestean. Gazia, independentziaren aldeko borrokari dena eskaini arren ez dugulako gure herria askatasuneraino heldu arazi. Gozoa, borroka batzutan latza eta mingotsa izan arren, herri honen alde aritu diren herritar eta gudarion ekarriaz Euskal Herria bizirik eta etengabe eraberritzea lortu dugulako gaurdaino.

Gaur, berriz, Euskal Herria krisian

Duela 30 urte bi apustu egin ziren herri honetan. Batzuk «pactismoa», «estatutoa» eta erreforma espainiarraren bidea hautatu zuten. Espainiak inposatzen zigunaren aldeko apustua egin zuten. Besteok, inposaketa horri aurre egiteko eta Euskal Herria defendatzeko gure esku genituen molde guztiak erabiltzearen alde egin genuen. Lehen aukerak Francoren diktadurapetik ateratzen ari zen Euskal Herriaren barne zatiketa areagotzea ekarri zuen: bi estatuetan banatutako herria hiru administraziopean ebaki zuten. 30 urte ondoren aukera horrek herri hau zatitu eta urtzeko bitartekoa besterik ez zela agerian geratu da.

Duela 50 urte borroka hautatu genuenok, duela 30 urte independentziaren aldeko aldapari ekin genionok, zuzen genbiltzan. Ezker abertzalearen eta ETAren borrokak Moncloako Amejoramendua eta Estatutua herri honen askatasun senak baretu eta herri nahiak itotzeko patuarekin jaioak zirela erakutsi du. Herri hau bizirik iraun zedin herri eraikuntzan eta bere askatasunaren sena elikatzen jardun dugunok gure konpromisoa larrutik ordaindu dugu. Halere, atzera begira jarriz, borroka esker onekoa dela baieztatzen da.

2009. urtea abiatu berri zaigun honetan askatasun aukerak irekiak ditu gure herriak. Aldaketa politikoaren ateak ortzimugan irekiak ikusten dira halabeharrez. Duela hamar urte ziklo autonomikoaren hilotza ikusi genuenetik, gure herria bidegurutze politikoan aurkitzen da, ez aurrera ez atzera. Erreforma garaian herri hau egitura instituzional zatikatzaileetan banatu eta kudeatzeko eginiko apustuak porrot egin duelako sortzen da krisi hori, hots, aukera berri hori.

Ez dago tarterik, herri honetako indarrak berriz aukeratu beharrean daude: independentziaren bideari ekin ala beste 30 urtez porrot eginiko partizioaren eta ez ezagutzaren formulak errepikatzea, herri honen etorkizuna lokaztuz eta gatazka politikoa betikotuz.

Madrilek berriz ere hori nahi du, eta antza, badu helduta dantza horri ekiteko gerturatu nahi zaion maitalerik. Horratx alferlan eta erru zaharrak errepikatzeko arriskua: agintari batzuk, berriz ere, herri erresistentziak eta borrokak sortzen duten aukera, estatutuen erreforma batera murriztu nahi lukete. Herri honentzat 30 urtetako etxekaltea batzuen pagotxa ere izan badela geratzen da.

Herri honek ez luke halakorik barkatuko. Hots, herri honek ez du berriz traizio bera errepikatzeko aukerarik emango. Herri honi dagozkion eskubide demokratikoen alde eta herri hau beste eskenatoki demokratiko batera eramateko uste osoa dugunok ezin dugu herri hau beste 30 urtetako trenbide hilean sartzen utzi. Abertzaleon esku dago bide galdu horretan sartzeko prest dauden agintarien aurkako presioaz amarru hori saihetsi eta behingoz herri hau autodeterminazioaren igarobidean sartu ahal izatea.

Euskadi Ta Askatasuna sortu zenean Kubak bere iraultzarako urrats garaipentsua gauzatzen zuen. Hartatik azken 20 urtetan ez dira gutxi bere txikitasunetik askatasuna lortu, edo lortzear, munduaren aurrean bide egiten ari diren herriak. Europan ere hortxe ditugu Irlanda, Eslovenia, Kroazia, Lituania... bai eta gutxi barru bere independentzia eskura dezakeen Eskozia bera ere.

Aberria borrokan dugu

Bi proiektu daude gure herrian: Euskal Estatua egunero buru bihotzetan izanik lan egiten duten herritarrena eta inposaturik agertzen zaigun bi estatuen menpeko status-quoan gauzatzen dena. Hor dago zapaltzaile eta zapalduaren arteko marraren jatorria.

Inposatu gabe jar bitez biak joko arau demokratikoen baitako lehian. Herri honek estatuen inposaketarik gabe bide baketsu eta demokratikoen bidez independentziaren bideari ekingo dio. Bitartean indar eta molde oroz borrokan tinko jarraitu beharko dugu estatu etsaiek Euskal Herriaren hitza errespetatzeko borondate keinurik txikiena ere ez baitute erakusten.

Aitzakiarik gabe herri honen aldeko indarrak batzeko unea da, abertzaleok independentziaren aroan sartu gaitezen. Euskal Herriak munduan bere hitza eta tokia har dezan bideari ekiteko tenorean gaude. Euskal Estatuaren alde gaudenok, borrokan dihardugunok, euskal herritarron hitza aintzat hartuko duen marko demokratiko bat erdiesteko premiari heldu behar diogu. Herri hau, 30 urte berantago, benetako trantsizio politikoaren igarobidean barneratu behar da. Hor loratuko da herri honek desio duen askatasuna eta bakea. Bakea, letra handiko bakea: elkarrizketa, negoziazio eta akordio politikotik eratorriko dena izango baita. Izan ere, bakea herri honen eskubideetan eta justizian oinarrituko da, edo ez da bakerik izango.

Etorkizuna Euskal Herriarena izango da

Agiri baten bidez nekez labur daiteke 50 urteotako herri borroka, nekez agerrarazi mende erdiko borrokaren lorratza. Eroritakoei merezitako samin eta ohore hitzak lekukotzeko soilik liburu mardula beharko litzateke.

Adierazpen hau ordea, ezin buka daiteke borrokan eroritako euskal herritar eta gudariei gure omena eskaini gabe. Bihoakie gure adorerik beroena 50 urte hauetan zehar Euskadi Ta Askatasuna partekatzeko konpromisoa hartu duten mlitante guztiei. Gure gomutarik sentikorrena heriotzaraino dena eman dutenei eta bere konpromisoa urte luzetako espetxealdi edo deserriratzearekin ordaindu duten edota horretan tinko diharduten burkideei. Burkideen senideei ere, aurrez konprometitu gabe egokitu zaienaren aurrean erakusten duten kemenarengatik, gure besarkadarik estuena.

Mendian dabilenak badaki ttonttorrerako bidean azken txanpa dela gogorrena. Baina denboraren talaiatik soilik antzeman daiteke urrats bakoitzak ekarri gaituela gaurkora. 50 urteko atzerako begirada burutuz ETAko militanteoi herri honen borroka bideak harrotasunez betetzen gaitu. Historiak herri honen borroka ohorez marraztuko du, euskal militanteen eskuzabaltasuna goretsiz. Esango dugu, esaterik izango dugu, Kantauriko hegian herri aske bat dago. Etorkizuna Euskal Herriarena izango da, aberria borrokan dugu. Bietan jarrai!

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian,

2009ko urtarrilean

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.

¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres

0 comentarios

¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres