Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

Gizon bat atxilotu dute Lazkaoko 'herriko tabernan' txikizioa egiteagatik, Udalaren kontzentrazioaren ondoren

BERRIAko berrimailea/Lazkao.-Lazkaoko Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, ETAren atzoko atentatua gaitzesteko. Bukatutakoan, gizonezko bat herriko tabernan sartu da, atea eta leihoak makil batez suntsitu ondoren, eta barrenean botilak, hainbat objektu eta D3Mko kartel batzuk ere hautsi ditu. Ertzainek atxilotu dute gero. Atzoko eztandak kalteak eragin zituen gizonezko haren etxebizitzan, iturri ofizlalek azaldu dutenez. Handik ordu batzutara askatu dute gizona, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez. Ez dago argi Ertzaintzak haren kontra kargurik aurkeztu duen. Lazkaoko alkate Patxi Albisuk erasoa gaitzetsi du.ETAren atentatuaren kontrako protesta ekitaldia eguerdian hasi da, udaletxearen aurrean. Gipuzkoako Goierriko herri horretako alkate Patxi Albisuz (EAJ) gain, Eusko Jaurlaritzako bi ordezkari, Miren Azkarate (Kultura sailburua eta bozeramailea) eta Joseba Azkarraga (Justizia sailburua, EAkoa), PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigai Patxi Lopez, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano (EAJ), EAJko presidente Iñigo Urkullu, Antton Karrera (Ezker Batukoa) eta Maria Jose Usandizaga (PPkoa) ere agertu dira protesta kontzentraziora, hainbat herritarrekin batera. Jarraian, ordea, liskarra izan da. Gizonezko bat handik gertu dagoen ezker abertzalearen Antsoategi herriko taberna-ra joan da, makil bat eskuan, eta atea (taberna itxita zegoen) eta leihoak mailu batez suntsitu ondotik, barrura sartu egin da. Han botilak, hainbat objektu eta D3Mko kartel batzuk ere hautsi ditu. Gutxira atxilotu du Ertzaintzak. Iturri ofizialen esanetan, atzoko atentatuak gizonezkoaren etxebizitzan hainbat kalte eragin zituen.Eskualdearen aldizkarik hainbat xehetasun eskaini ditu. "Antsoategi elkarteko kide baten arabera, 'dena txikituta' dago, 'kristalak, telebista, kafe makina, ordenagailua, paretetako koadroak ere puskatu ditu'. Tabernaren arduradunek, txikizioak 'egun argitan eta lasai asko' egin izana ere salatu dute. Lekuko hauen arabera, ertzainak etorri direnean, erasotzailea tabernan bertan zegoen eta ertzainek 'bete-betean harrapatu dute'. Eskuburdinak jarri eta identifikatu ondoren, atxilotuta eraman dute. Gizonezkoa lazkaotarra da eta gertakarien ondoren jakin denez, PSEko zinegotzi ohi baten semea da. Gainera, ETAren jomuga izan den Herriko Etxearen gainean bizi da".Iturri berari jarraiki, gertakarien ondoren, Patxi Albisu alkatea eta Lazkaoko Udaleko hainbat ordezkari Antsoategi herriko tabernan izan dira. "Edozein indarkeria motaren aurka" daudela berretsi, eta gertakari hauek ere salatu egin ditu Albisuk.

ETAk atzo PSE-EEren egoitzan eginiko atentatuan amonala erabili zuen
Atzo ETAk PSE-EEren egoitzan, Herriko Etxea-n, zartarazitako zortzi kiloko lehergaiaren eztandaren ondorioz ez zen inor zauritu, baina kalte materialak handiak izan ziren, batik bat egoitzako tabernan. Gaur Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak zehaztu du amonala erabili zutela erasoaren egileek.Atentatua gertatu ondoren, Lazkaoko Udaleko bozeramaileen batzordeak elkarretaratzea deitu zuen gaur eguerdirako. Protesta ekitaldian ezker abertzalea ez beste alderdi guztiak bildu dira. EAJk du alkatetza, eta beste zazpi zinegotzi ditu. PSE-EEk hiru zinegotzi ditu, eta EB-Aralar koalizioak eta PPk bana. Espainiako auzitegiek 2007ko udal bozetan parte hartzea galarazi zion ezker abertzaleari, EAE-ANV alderdiari zehazki. EA, aldiz, ez zen aurkeztu.Atentatua atzo jazo zen, 03:00etan. Aldez aurretik, 01:00etan, erakunde armatuak Donostiako DYAri deitu zion, lehergailuaren kokapenaz ohartarazteko. Leherketak ez zuen biktimarik eragin, baina kalte materialak handiak izan dira, batez ere PSE-EEren egoitzako tabernan (beheko solairuan dago). Dena den, alboko etxebizitzek eta dendek ere kalteak izan zituzten. Gaur Ertzaintzak jakinarazi du ETAk erabilitako lehergailua amonala zela.Lazkaoko Udalak bulego bat ireki du kaltedunak artatzeko.

¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres

0 comentarios

¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres