Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

1-M Hauteskundeak:ETA insta,mediante el siguiente comunicado enviado a GARA, a frenar en las urnas el «ataque antidemocrático»

ETA, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak Martxoaren lehenean Gasteizeko parlamentu autonomikoaren hauteskundeen atarian Euskal Herriak bizi duen egoeraz bere hausnarketaren berri eman nahi dio euskal jendarteari agiri honen bidez.Martxoaren lehenean Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan burutuko diren hauteskunde autonomiko antidemokratikoak hauteskunde iruzur eta maula politiko erraldoi bat izango dira. Espainiako Estatuak independentismoa kartzelaratu eta botere guneetatik botatzeko estrategia faxistan beste urrats bat eman du. Martxoaren bitik aitzin Gasteizeko parlamentua antidemokratikoa izanagatik inoiz baino espainolena izango da ere. Faxismoaren parlamentua izango da, garaiko udaletxe frankisten zilegitasun demokratiko berez osatua, bandera espainola eta guzti. Horra hor PSOEren «aldaketa».PSOEk Euskal Herriaren aurkako gerran PP eskuinetik igarotzeko konplexu gutxi erakusten ditu. 30 urtetan Euskal Herria autonomismoan eta zatiketan ezin ito eta independentismoa instituzio guztietatik kanporatuz horretan tematzea erabaki du PSOEk. Apartheid politikoak, gure herriak bizi duen aldaketarako aukera independentziaren norabidean ez gauzatzea du helburu. Ezker Abertzalea da aukera horren ateak zabaldu ditzakeenak, eta ate horiek dira betirako itxi nahi direnak Ezker Abertzalea zokoratuz.Kanpainan eta mitinetan esanak esan, PNV da Ezker Abertzalea legez kanpo uzteko interes handiena duena: Ez horrek Gasteizeko parlamentuan aulki batzuk gehiago edukitzea ahalbideratuko diolako soilik, Ezker Abertzalea eta independentismoa PNVren interes ezkutuen eta apustu politikoaren oztopo erreal bakarra delako. PNVrentzat independentismoa etsaia da, herri hau autonomismo eta erregionalismoaren putzuan urtzea galarazi duena; bere negozio, ustelkeri, eta lotsak aireratzen dituena; bere eskuineko proiektuaren aurrean parez-pare jartzen dena; kontsultaren iruzurra salatu duena, oro har bere apustu autonomista 30 urtez oztopatu duena.EBBeko buru den Iñigo Urkullu faxismo espainolaren ofentsibaren aurrean, ilegalizazio eta euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen urraketa larrien aurrean, Estatuarekin eskuz esku agertzen zaigu. Espainiako gobernu faxistaren aurrekontuei emaniko babesa horren lekuko argiena da. PNVren kolaborazionismorengatik ez balitz Estatuari Ezker Abertzalea txikitzeko apustua garatzea ezinezkoa litzaioke. Hauteskunde hauetan Ezker Abertzalea ez egotea PSOEk PNVrekin adostu du eta jeltzaleek bere esku dutena -Espainiako Polizia Autonomikoaren makilakadak eta EiTBren zentsura eta zokoratzea- denak emanda jarri dute.Egoera honen aurrean PNVren magalean agertzen zaizkigun EA, IU eta Aralarren jarrerak, abertzale bezala, lotsagarriak dira. Zurikeriaz egoera antidemokratikoa indarge salatzen duten bitartean, ilegalizazioak beren indar eta aukera elektoralak puzteko ematen dien aukera lehenetsiz kanpainari normaltasuna eskaintzen ageri dira. Lehendakaritzara iritsiko balira, ezer gertatuko ez balitz bezala, zer egingo luketen iragarriz eta Ezker Abertzalearen bozkak arrantzatu nahian.Euskal Herria ziklo autonomikoaren amaieran kokatua dago duela 10 urtetik. Ordutik Euskal Herriaren etorkizuna trabaturik aurkitzen da. Bi aukera ditu gure herriak, edo autodeterminazioaren xendrari ekin edo berriz ere autonomismo espainolaren ziklo berri batera itzuli. Horra aukerak eta arriskuak.Aukerak, Euskal Herriaren burujabetzaren alde dauden indarren bateratzetik etorriko dira. Herri hau, ziklo autonomikoa gaindituz, beste eskenatoki nazional eta demokratikora eraman nahi dugunon bidea zabaltzetik etorriko da aukera. Arriskuak PNVek PSOErekin burutu nahi duen ziklo autonomiko berri baterako saioan lekutzen dira.Euskal Herriaren alde gaudenok, herri burujabetasunaren alde gaudenok, aukera berria dugu 30 urte ondoren estatutu autonomiko eta amejoramendu berri bati determinazioz ukatuz, herri hau bere independentziaren bidean urratsak emateko. PNVek herri hau berriz ere ziklo autonomiko berri batean sartzeko burutzen ari den saioaren aurrean, abertzaletasunaren aldarriari berriz bizkarra emateko erabakiaren aurrean, erronka historikoa dugu abertzaleok: PNV herri honen ordezkari goren modura gailentzea. Izan ere, historia hurbilak erakusten du, herri hau bere egiturazko egoeran burujabetasunerantz jauzi bat emateko tenorean aurkitzen den bakoitzean PNV estatu etsaien haina oztopo dela. Horrela izan zen Txiberta, Arjel eta Lizarra Garaziko garaietan, eta horrela izan zen ere azken negoziazio prozesuan ere.Ustez abertzaletasunaren interesak defendatzen dituen PNVek beste norabide batean kokatu nahi ditu herri honek bizi duen benetako aldaketarako aukera. Urkulluren adierazpenak, eta PNVren norabideak, agerian uzten dute herri hau nora ez duten eraman nahi: Independentziara. Aitzitik Estatuaren eskutik helduta partizioan, negozioan, eta independentismoaren anikilazioan kokatzen dute beraien ildoa. Hori «kontzertu politikoa» batailatzen dute orain. Baina izen bakarra du: Morrontza politikoa. Mitinetan «Gora Euskadi Askatuta!» oihukatu baino zintzoagoak lirateke «Gora Euskadi Lotuta!» oihukatuko balute.Moncloako Estatutua eta Gasteizeko parlamentua bi helburu argirekin jaio ziren duela 30 urteko erreforma espainoletik: Euskal Herriaren independentziarako bidea oztopatu, Espainiaren menpeko Euskal Herria bi zatitan banatuz; eta PNVren diru eta botere zaletasuna egituratu. 30 urte hauetan helburu horiek elkar loturik gero eta ageriago geratu dira. PNVrentzat «Euzkadi» orain: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa dira. Lapurdi, Behe Nafarroaz eta Xiberoaz ahaztu ziren bezain erraz saldu zuten Nafarroa Garaia Espainiako erreformarekin. Duela 30 urteko «Vivir comodos en España»ren aldeko apustuak ondorio tamalgarriak ekarri dizkio gure herriari: Desegituraketa eta banaketa. PNV zeregin horretan zuzen eta leial agertu da hiru hamarkadetan.1998ko prozesuan PNVek hausnarketa berritu zuela ulertu genuen askok. Baina azken 10 urteetako ibilbidea, eta PNVren azken garaiotako jarduerak, ezetz diosku. PNVek lehengo lepotik du burua. Ibarretxek 3 aldiz hitzeman du hiru herrialdetako herritarrek beren etorkizuna erabaki zezaten kontsulta bat burura eramango zuela. Bere konpromisoa hori zela lau haizetara zabaldu ostean, haizeak eraman ditu hitzok. Iruzurra eta gezurra begi bistan geratu da.PNV gainbeheran dago. Duela 30 urte eginiko apustu politikoaren porrotean oinarritzen da gainbehera hori. Estatutua hilda dago, oztopo bat da herri hau independentziara eramateko. PNVren anbizioentzat iturri lehor batean bilakatu da ere. Irakurketa horren aurrean PNVren asmoak ordea ez dira abertzaleok asetzea bideratuak, ez dira herri hau bere buruaren jabe izan dadin zuzenduak... Apustua, iturri autonomikoa PNVren neurrira berriz berrirekitzea da.Herri hau berriz ere Estatuto berri baten osinean sartzea traizio historiko eta larria izango litzateke. Herri honek ez luke hori barkatuko eta ez du hori onartuko. 1977Ko Moncloako Estatututik 2009ko «Ferrazeko Estatutu»ra eraman nahi gaitu PNVek. Sabin Etxeko burukideek badakite estatutu berri bat egiteak Euskal Herriaren hilobia litzatekeela, gatazka betikotzea lukeela ondorio gisa. PNVek urrats larri hori emango balu, PNVek lerro gorri hori iraganez ziklo autonomiko berri baten bidean herri hau mentura araziko balu, herri honen askatasun aukerak ixtea ekarriko luke. Horrelako urrats larri batek edukiko lituzkeen ondorioen erantzukizun osoa PNVrena izango da. PNVren afiliatu eta oinarriari dei zabala egiten diogu bere alderdiko burukideei traizio berri bat egiten utz ez diezaieten.PNV eta PSOEk aurre-akordioa dute. Legealdi autonomikoa amaitu aurretik jada elkar gobernatzen ari ziren gordeka Gasteiz eta Madrileko gobernuak elkarri babestuz. Horrexegatik, Euskal Herriaren etorkizunari dagokionez, martxoko hauteskundeetan Ibarretxek eta Patxi Lopezek esaten dutena baino dezente gutxiago dago jokoan. Ferraz eta Sabin Etxeko agintariek, hauteskundeen ondoren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat duela 30 urteko plater hotz bera eskainiko diote herri honi. Martxoaren lehenean independentziaren alde, burujabetzaren alde, bozka «nulo» bakarra PNVri emandakoa izango da. Mende bat eta gero, 30 urteko agintea ondoren, aukera «inutil» bakarra PNVrena dela agerian geratu baita.Martxoaren lehenean eskenatoki demokratiko bat nahi dugunok, Euskal Herria aske batean sinesten dugunok, hitzordu bat dugu gure herriaren aldeko borrokan. Hitzordu bat eraso antidemokratiko berri hau hautestontzietan salatzeko, autodeterminazioa aldarrikatzeko eta Estatutu berri baten aldeko apustua salatzeko. Etorkizuna Euskal Herriarena izango da, aberria borrokan dugu!Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!.Euskal Herrian, 2009ko otsailean.Euskadi Ta Askatasuna

0 comentarios