Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

Portu eta Sarasolaren tortura kasuak ikertzea eskatu du instrukzio epaileak,bitartean Ertzaintza beste bi pertsona atxilotzen saiatu da Hernanin

ENEKO BIDEGAIN/Berriako berezi berrimailea.Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura salaketak bidea egiten ari dira auzitegian. Donostiako epaile batek auzibidearekin aitzina jarraitzea erabaki du, eta ustezko bi etakideen atxiloketan eta galdeketetan parte hartu zuten hamabost guardia zibil deklaratzera deitu ditu. Torturak egiteagatik daude auzipetuak. Portu eta Sarasola iazko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, Arrasaten (Gipuzkoa). Hamazazpi orenen buruan, Portu Donostiako ospitalera eraman zuten, saihets hezur bat hautsia eta birika zulatua zituelako. Horrez gain, ubeldurak zituen gorputz osoan. Torturatua izan zela salatu zuen, eta Donostiako Auzitegiko guardia epaileak auzibidea ireki zuen. Portu eta Sarasola atxilotu zituzten bi guardia zibilak deklaratzera deitu zituzten, eta baita beste sei guardia zibil ere, hala nola, bi atxilotuak Intxaurrondoko polizia etxera eraman zituztenak, kuartelean Porturekin egon zen beste bat eta Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitatean egon ziren lau guardia zibilak. Bitartean, Mattin Sarasolak guardia zibilen esku segitu zuen, eta, zenbait egun geroago, epailearen aitzinean deklaratu zuenean, bortizki torturatu zutela salatu zuen hark ere. Igor Porturen bertsioa berretsi zuen: atxilotu ondoan, erreka bazter batean, mendian eta ziegan torturatu zituztela; eta ez zituztela atxilotzeko unean zanpatu, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak aditzera eman zuen gisan. Rubalcabak erran zuen Portu eta Sarasola ihes egiten ahalegindu zirelako izan zela «atxiloketa bortitza».
Atxiloketa «garbia» Bergarako biztanle bat atxiloketaren lekuko izan zen, eta auzitegian deklaratzera joan zen, erranez Portu eta Sarasola ez zituztela atxilotzeko unean jo. Sarasolak adierazi zuen Portu eta bera menditik jaisten ari zirela, guardia zibilak inguratu zitzaizkiela. Motxila miatzeko denbora, mendira begira jarri zituztela, eta handik zenbait denborara eskuburdinak ezarri eta autoan sartu zituztela. «Autoan kolpeka hasi ziren. Aurpegian, ukabilarekin, eskua irekita, buruan, saihetsetan, eskuburdinetatik tiraka, estutzen...», deklaratu zuen handik zenbait egunera. «Autotik bortizki atera eta maldan behera eraman ninduten. Ez nuen ez ezer ez inor ikusteko astirik, erritmo bizian ninderamaten. Maldan behera nindoala, lurrera erori nintzen, eta hantxe beste jipoi bat eman zidaten». Zanpaldi hark bost bat minutu iraun zuela erran zuen. Aldi berean, mehatxuka ari zitzaizkion, Mikel Zabaltzari egin ziotena eginen ziotela erranez. Intxaurrondon ere alde guztietatik jo zutela erran zuen Sarasolak. Geroago, Madrilera eraman zuten. Ezkerreko guardia zibilak jadanik minduta zeuzkan saihetsetan jotzen zuen «etengabe». «Eskuinekoak eskularru bat jarri zuen, eta barrabiletatik tiraka ibili zen. Jo, estutu, tira, bira...». Madrilen, polizia etxean, tratua ez zen hobea zen. Zutik atxikarazten zuten, norbait sartzen zen guztietan burua makurrarazten zioten, noiz nahi zanpatzen zuten, «gehien bat saihetsetan eta barrabiletan». Burua plastiko poltsa batekin ere estaltzen ziotela salatu zuen. «Ariketak eginarazi zizkidaten poltsa buruan nuela. Asma eta antsietate erasoak izan nituen, eta arnasarik gabe geratzen nintzen. Pare bat aldiz konortea galdu nuen». Halaber, «askotan biluztu» zutela ere salatu zuen. «Dutxa batean ere sartu ninduten, eta ur hotz eta bero-beroarekin ibili ziren gora eta behera». Torturaren Aurkako Taldeak tortura kasu horien berri eman zuen. Haatik, tortura kasu horiek auzibideetan aitzina badoaz ere, beste anitz ez direla ikertzen ere ohartarazi zuen. Sarasolaren eta Porturen lekukotasunak ez direla bakarrak erran zuten. Inkomunikatuta edukitzen dituzten beste atxilotu gehienek ere antzekoak salatzen dituztela zioten. Bitartean,Hernanin,Ertzaintza bi pertsona atxilotzen saiatu da bart Hernanin. Amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez. Beñat Aginagalde eta Ugaitz Errazkin gazteak dira, baina ez zeuden etxean poliziak haien bila joan zirenean.Iturri horren arabera, bien etxeak miatu zituen denbora luzez Ertzaintzak. Berri agentzia espainolen arabera, garaje bat ere miatu zuten Lizeaga kalean, eta hainbat gauza eraman dituzte.Bien bitartean, Manex Castrok Ertzaintzaren esku jarraitzen du, inkomunikatuta, hauteskundeako egunean. Familiari ez diote inolako informaziorik eman bere egoeraren inguruan eta abokatuari ez diote gaztearekin egoten utzi.Amnistiaren aldeko mugimenduak gogora ekarri duenez, azken hiru urteetan Ertzaintzak ez du gatazka politikoarekin lotutako atxilotuetariko inor inkomunikatu, eta EAJk "inkomunikazioaren aurka dagoela esan izan du urteotan".Horregatik, orain Manex Castro inkomunikatzea zergatik erabaki duten galdetu diote alderdi horri, zergatik "ez dioten uzten atxilotuari bere abokatuarekin egoten", zergatik "ez dioten esaten bere familiari non eta nola dagoen", eta zergatik "eduki pertsona bat bost egunez erabat inkomunikatuta".Inkomunikazioak torturatzaileei "inpunitate espazio agerikoa" eskaintzen diela nabarmendu du, eta Ertzaintzaren aurka "200 tortura salaketa baino gehiago" daudela gogoratu du. Ildo horretan, torturarekin amaitzeko inkomunikazioarekin bukatu behar dela aldarrikatu du.

0 comentarios