Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

ORAIN ETA ABERRI EGUNA:AGIRIAK (INFORMAZIO GEHIAGO AKTIBITATE BURUZ:ORAIN 24 KANALAN)

Euskadi, gure aberri bakarra

EAJko Euzkadi Buru Batzarra, 2009-04-11

2009ko Aberri Egunaren ospakizuna dela eta, Euskadi nazio bat dela aldarrikatu

nahi dugu. Nazio gisa zor zaizkion eskubideak dituen nazioa. Ondare historiko,

sozial eta kulturala duen eta Europako Herrien baitan kokaturik dagoen berezko

nortasuna duen Herria gara. Pirinioen alde bietan bi Estatuen artean zazpi

lurraldeez osaturik dagoen Herria.

Gure helburu politikoa Euskal Herria, subjektu politiko gisa, eta marko politiko eta

juridikoaren baitan, bere etorkizun politikoa erabaki ahal izateko eskubidea

bermatzean datza: autodeterminazio eskubidearen onarpena eta euskal

gizartearen erabakien errespetua bermatzen duten prozedurak.

Euskadi da EAJren bizi nahia eta mende bateko historian zehar gizarte eta nazio

eraikuntza izan dira alderdi honen motor eta gidari.

Martxoaren 1ean autonomi hauteskundeak burutu genituen hiru euskal

lurraldeetan. Emaitzak zalantzan jarri ezinak izan dira. EAJk eta bere hautagai

Juan Jose Ibarretxek argitasun osoz irabazi dituzte hauteskundeak: 400.000 boto

eta 30 legebiltzarkide. Bigarren geratu den alderdi politikoak baino 80.000 boto

gehiago lortu ditugu, hau da, bost legebiltzarkide gehiagok ordezkatuko gaituzte

Legebiltzarrean.

2001 urtean hasi zen hauteskunde norgehiagoka hau estrategikoa izan da. Alderdi

konstituzionalistek, legezkotasunaren nagusitasunetik, hauetan urte guztietan,

"hobekuntzak" barneratu dituzte beraien egitasmo politiko bateratuan. Joko

demokratikoaren arauak aldatu dituzte eta euskal gizartea bere osotasunean

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izatea eragotzi dute.

Espainia egitasmoa berdintzeko helburua partekatzen dute. Duela 70 urte ere

bazegoen euskaldunon arazoa euskal abertzaletasuna zela pentsatzen zuenik, eta

hau arrazoitzeko honako hau idazten zuten: "Espainiaren helburua euskal herria

babestea da buruzagirik gaiztoenek eraman nahi duten patutik askatzea, euskal

herriak propaganda abertzalearen menpean eman duelako bere burua; baina

euskal herriko buru argienek, balio unibertsaldun euskaldun guztiek, espainiarrak

dira bihotzez eta maitasunez sentitzen dute Espainiaren etorkizun batu eta

unibertsala". Hauek ziren José Antonio Primo de Riveraren hitzak.

Bere errealitatea ez den besterik onartzen ez duen nazio espainiarraren aurrean

esan nahi dugu aberrikide sena ez dagoela inposatzerik. Sentipen guztiekin

gertatzen den bezala, errespetatu egiten dira, elkarrekiko begirunezko eta

berdinen arteko garapenezko bermeak arautuz, edo bietako bat inposatzera

eramaten da eta gatazka iraunkor eta amaigabeei hasiera ematen zaio.

Ukatu egiten dituzte Euskal Instituzioetako gehiengoek babestu dituzten

proposamen eta egitasmoak; aldi berean zuzendu nahi dute Lur planeta honetako

zibilizazioen arteko hitzarmena. Ia gai guztietan iritzi kontrajarriak dituzten alderdi

politiko biek Hego Euskal Herriko jarduera egitasmorako ardatz bakarra eta

partekatua dute: "Espainia berdindua" izenarekin deituko genukeen bat egiteko

egitasmo politikoa. Akabatu nahi dituzte aberri aniztasuna eta oinarri

demokratikoari zor zaion errespetua, hauek direlarik nazio arteko bizikidetzarako

sistema demokratikorako jarduera lerro nagusiak.

Koherentzia falta sozialisten presa dela eta.

PSE eta PPren arteko akordio politikoaren jatorria hauteskundeetako emaitzen

irakurketa zuzena egin ez izanaren ondorioa besterik ez da, eta hori ordaintzen da;

euskal gizarteak ordainaraziko die. PSEk plan bat diseinatu zuen askoz emaitza

hobeekin, baina euren itxaropenak ez zirela bete ikusi zutenean, plana aldatu eta

benetako eszenatoki politikoa onartu beharrean, prozesua azkartu zuten,

atzerabiderik izan ez zezan. Herri ikuspegiari "epe laburra" gailendu zaio eta

horrek kontraesan mordoa eragiten du.

Gobernuaz jabetzeko presak ez die utzi euren koherentzia faltaz kezkatzen. Zein

formula erabiliko dute euskal gizartearen benetako desafioei aurre egiteko eta

krisialditik irteteko? Alderdi Sozialistak proposatzen dituenak eta emaitzarik eman

ez dutenak edo Partidu Popularrak nahi dituenak eta guztiz desberdinak direnak?

PSOEk autonomia guztietan egin duen bezala, estatutuaren erreformari helduko

dio? Edo, PPk beti adierazi eta jadanik akordioaren testuan susmatzen den bezala,

horrek Espainia apurtzen duela ulertuko dute?

Non kokatuko dute Gobernuari gutxieneko koherentzia emateko ardatz

ideologikoa, baldin eta eskuin muturreko eremua utzi ez duen partidu batek eusten

badio Gobernu horri? Zer egingo dute euskararekin? Patxi Lópezek Miramar

jauregian emandako hitzaldi lasaigarri horretan adierazi zuena edo Basagoitik

adierazi berri duena eta adostasun zabal-zabala hausten duena?

Nola hartuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren kanpoko ordezkaritzak? Gure

autogobernuaren lanabestzat eta, ekonomia bultzatu nahian, euskal enpresen

presentzia atzerrian bultzatzeko bidetzat? Edo burutazio subiranistatzat?

Laburbilduz: ez dira ados jarri programaren gai bakar batean ere, modu orokorrean

bakarrik; hala ere, zergatik izan zaie hain erraza elkarrekin bat etortzea boterea

lortzeko?

Ez gara Madrilgo joko taktikoaren menpean egongo.

Gainera, orain kontua da geratzen ari denari buruz guk geure iritzia ez ematea

nahi dutela eta isilik egotea. Baina jakinarazi behar dizuegu Partidu Sozialistak eta

Partidu Popularrak eratutako gobernu batekin gizarte desberdinari eusteko bermea

mehatxupean dagoela.

Nahi dute Madrilgo joko taktikoaren menpean egon gaitezela, Zapatero eta

Rajoyren interesen menpean, bai eta politikoki batere arazorik sorraraziko ez duen

erabaki marko baten menpean ere.

Alabaina, hori ez da gure objezio nagusia; azken batean, helburuekin bat etorri ez

arren, eskubidea dute eta ona da euskal gizarteak jakitea zeintzuk diren euren

benetako helburuak. Etsigarriena, hala ere, zera da: gezurra hainbesteko

lotsagabekeriaz esan izana eta segituan ahaztu zaizkien balio zehatz batzuk erabili

izana.

Orain zuzentzen gatzaizkie desengainua hartu dutenei, Patxi Lópezi bota eman

ziotenei, aldaketa, frontearen kontrako politika... agindu zizkielako... Orain

zuzentzen gatzaizkie gobernu integratzailea agindu zuen Partidu Sozialistari

sinetsi ziotenei. Horiek guztiek ondo dakite sozialistek gizarteari ziria sartu diotela,

kanpainan zeharkakotasuna behin eta berriz aldarrikatu dutela eta fronteari oratu

diotela hautsontziak itxi eta "Patxi Lehendakari" oihuak entzuten hasi orduko.

Harrezkero, euren ustetan, desberdinen arteko akordioa jadanik ez omen da

beharrezkoa euskal gizartearentzat...

Egiazko errealitatea erakutsi behar dugu, eta hori beharrezkoa den guztietan

egingo dugu. Baina balio zehatz batzuk erabili izana geroago guztiz kontrakoa

egiteko, ez ditu inola ere ezeztatzen orain mesprezatzen dituzten balio horiek. Hori

bai, eurak orain ez dira nor, balioon buru agertzeko eta horien alde egiteko.

Gure agirietan egiazta daitekeenez, guk taktikoa ez zen eskaintza bat jarri genuen

mahai gainean, ez botereari eusteko, baizik eta sinismen sakon bati erantzuteko,

urrutik datorren eta gizarte honekin daukagun elkarrizketari esker helduz joan den

uste sendo bati, hain zuzen ere. Ondo gogoratuko duzue EBBko buruaren

agintaldiaren printzipio programatiko bezala ezarri zela orain dela urte eta erdiko

barne aukeraketan.

Martxoaren 5ean, EBBko negoziazio batzordeak -EBBko buruak, herrialde

ordezkaritzetako buruok eta Ibarretxe lehendakariak osatutakoa- zintzo

planteatuko zien sozialistei fronterik gabe gobernatzeko akordio bat eta ez dizuegu

gogorarazi behar zein izan zen euren erantzuna. Kontuak kontu, oraindik ere

sinesten dugu balio horietan eta ez diegu utziko hauteskundeetako amu modura

erabil ditzaten.

Aurrerantzean ez dugu uste integrazio gaitasunez hitz egiten ausartuko direnik

aurpegia lotsagatik gorritu gabe. Eta berriro ere gogorarazi behar diegu Euskadin

desberdinen artean izandako gobernu esperientzia guztiak Euzko Alderdi

Jeltzaleak gidatu dituela eta horrela egiten jarraituko duela, euskal gizarteak,

hauteskundeetako deialdien bidez, kontrakoa eskatzen ez badigu.

Batzuek diote Alderdi honek ez duela jakingo zer egin oposizioan edo apurtuko

dela, baina, Euzkadi Buru Batzarrak bi gauza, bi konpromiso ziurtatzen dizkizue

abertzaleentzat hain garrantzitsua den egun honetan: gure batasuna ez da

ahulduko eta ez dugu zentraltasuna galduko, ezta erreferentzia instituzionala ere.

Oposizioan izango gara gobernuan izan garena.

Partidu instituzionala gara, inor ez baita hainbeste borrokatu euskal erakundeen

alde, erakundeak berreskuratzeko, eguneroko lanarekin egonkortzeko eta

Espainiako estatuak bultzatutako desnaturalizazioaren aurka defendatzeko,

betiere ETAk deslegitimatzeko egindako ahaleginen aurrean. ETA sobran dago eta

herri honi traba besterik ez dio egiten. Eta gauza bat diotsuet: pentsatu baino

lehenago, bere burua ezker abertzale ofizialtzat daukanaren sirena kantak

entzungo ditugu berriro ere.

Eta alderdi abertzalea gara, Sabino Aranak gure proiektua definitzeko erabili zuen

esaldi apal baina sentimenduz, ilusioz eta handitasunaz betea defendatzen eta

duintzen duena: "Euzkotarren aberria, Euzkadi da". Gure aberri bakarra Euskadi

da.

Oposizioan gobernuan izan ginena izaten jarraituko dugu. Euskal gizarteak beste

behin ere egiaztatuko du gure erantzukizun zentzua, herri honekin dugun

konpromisoa, bai eta gure sendotasuna eta indarra ere, eta gutxi barru berretsiko

digu herri hau gidatzen segitzeko duen konfiantza. Baina gauza bat ziurtatzen

dizuegu: beti-beti egingo dugu egia erabiliz.

Izan ere, PSEk bere agintaldia eraikiko du gezurraren, ahultasunaren eta

mendekotasunaren gainean: Madrilen mendekotasunaren gainean eta Partidu

Popularraren mendekotasunaren gainean. Iruzur egin dio agindu zuenari, eta

euskal gizarteak ez dio inola ere barkatuko.

Hemendik aurrera, etorkizuna gure esku besterik ez dago, eta egon behar dugun

lekuan egongo gara. Gure afiliatuei, jarraitzaileei eta aldekoei lan egiteko esan

nahi dizuegu, gobernuan egon ginean baino gehiago lan egiteko, eskuratu dugun

emaitza onarekin ez konformatzeko... Horrekin eta beste erakundeetan eta

hurrengo hauteskundeetan egingo dugun lanarekin berretsiko dugu gizarte honen

ardatz nagusia garela.

"Azkenean" oposizioan "omen gaudela" ospatzen ari direnei gogorarazi nahi diegu

gure historian zehar urte askoan oposizioan baino leku txarragoetan egon garela.

Inork ezin digu irakasgairik eman, ehun urte baino gehiago dituen Alderdi honen

bizitza erdia inposatu diguten ilegalitatean eta erbestean igaro delako.

EAJ-PNVn ondo baino hobeto ikasi dugu sufrimendua amorru edo erresumin

bihurtu ez zuen belaunaldiaren irakasgaia; belaunaldi horrek erabaki zuzenak

hartzen, lan egiten eta bere momentuaren zain egoten jakin zuen. Oposizioan

egotea (eta batez ere hauteskundeak alde handiz irabazi ostean), ez da Agirrek,

Leizaolak, Irujok, Ajuriagerrak eta horien belaunaldi osoak jasan behar izan zuten

egoera bezain larria; gainera, egoera hori guztion artean kudeatzen jakingo dugu

adimenarekin eta ikuspegi baikorrarekin.

Azken egun hauetan EAJk herri hau gidatzen jarraituko duela esaten genuenean,

ez genion men egiten oposizio arduragabe bati, Eusko Jaurlaritzaren kontrako

boteretzat har litekeen oposizio bati. Guztiz gauza nabarmena azpimarratu nahi

genuen: alderdirik bozkatuena eta gizarte honen benetako erdiko bidea garela,

alegia. Hartara, ordu zailak ailegatzen direnean edo fronteko gobernu hau

agortzen denean, euskal gizarteak gu egotea nahi izan duen tokian egongo gara

eta erantzukizuna geure gain hartzen jakingo dugu, finkatu dugun proiektua oinarri.

Badakizue zergatik eman diguten hainbeste herritarrek botoa?

Badakitelako guri herri hau baino ez zaigula interesatzen, arreta bertan jarrita

daukagula, ez dugula nahi bestelako helburuak lortzeko, guretzat Euskadi Aberria

dela. Euskadi maite dugu eta arduratsuak izango gara beti Euskadirekin.

Europa, gure helburu nazionalen eszenatokia.

Hurrengo ekainean berriro ere izango ditugu hauteskundeak, Europako

Parlamenturako hauteskundeak, hain zuzen ere. Guretzat hauteskunde deialdi

garrantzitsua da. Argi eta garbi utzi behar dugu aurreko hauteskundeetako

arrakasta handia euskal gizarteak behin eta berriz ematen digun, EAJ-PNVri

ematen dion konfiantza sakonean dagoela. Baina gu, Euskadiko abertzaleak garen

aldetik, eta guretzat Europak irudikatu duena eta irudikatzen jarraitzen duena

kontuan hartuta, ezin ditugu hauteskunde hauek manipulatu, bestelako gauza bat,

etxekoago bat, jokatuko balitz bezala.

Azken urteotan Europa eraikitzeko prozesuak izan dituen gorabeherak eta ekarri

dituen desilusioak alde batera utzita, guretzat Europak gure helburu nazionalen

benetako eszenatokia irudikatzen du, bertan subiranotasun absolutuak kolokan

jartzen direlako eta lankidetzarako ikasbidea abian jartzen delako.

Hori dela eta, EAJ-PNVk beti egin du Europaren alde, nahiz eta jakin gaur egungo

eredua ez dela egokiena eta ez duela ahalbidetzen estaturik gabeko nazioen

uztardura aski onik. Sinetsita gaude Europa euskaldunon horizontea izango dela

XXI. mendean. Estaturik gabeko nazioen auziari erantzunik eman ez dion arren,

lan marko bat finkatu du eta bertan erabakitasun askeari buruzko gaiak negozia

daitezke. Lehenengo lerroan egon behar dugu Europako integrazioan aurrera egin

behar denean, eta Europako aniztasun politiko eta kulturala egituratzen lagundu

behar dugu.

Badakigu zer daukagun jokoan. Erabakitzeko daukagun gaitasuna gaur egun

sendotzeak esan nahi du -gero eta garrantzi handiagoarekin- gure autogobernuari

eragiten dioten erabakietan modu aktiboan esku hartu behar dugula Europako

prozeduretan. Europako Batasuneko erabakietan parte ez hartzeak, zalantzarik

gabe, dakar estatukide konposatuen botereen banaketan oreka aldatzea.

Auzi hori konpontzen ez den bitartean, Espainiako estatuak kanpoan jokatuko du

bere egitura instituzionalari ez dagokion moduan. Euskadirentzat funtsezkoa da

integrazioan aurrera egitea eta, era berean, gure ahots propioa eta politikan

jarduteko gaitasuna izateko prozedurak aurkitzea, estatuen menpe egon barik.

Europako interdependentzien eszenatokian izango gara Euskadi modura.

Estatu-nazioaren oinarri tradizionaletan finkatzen den Europako Batasun batek

ezin ditu gure itxaropenak asebete. Guretzat esperimentu itxaropentsua da Europa

estatuen, nazioen eta gizarteen arteko harremanak egituratzeko bide berria

jorratzen dabilen laborategia bihurtu izana; gurea eta erkidea, batasuna eta

aniztasuna, birdefinitzeko eremu berria da, interdependentziaren eszenatokia,

alegia.

Horregatik, Europako Batasuneko arauzko ordena korapilatsuak pentsamendu

konstituzional berria behar du, nazio, lurralde eta subiranotasunari buruzko triada

zaharra sakratutzat jotzen ez duen pentsamendu konstituzional berria. Europar

proiektuaren berezitasunak erabaki eremuak birformulatzea ekarriko du, errealitate

eta eragile berriekin.

Izan ere, Europan egon nahi dugu herri honen gehiengo soziologikoaren

ikuspegiarekin; eta, ildo horretatik, garrantzi handikoa da gogoratzea non dagoen

Euskadirekiko benetako zentraltasun eta erantzukizuna.

Euskadik hortxe jarraituko du printzipio horiek aldatzen direnean.

Gora Euskadi Askatatuta - Gora ta gora beti

Euzkadi Buru Batzar - Aberri Eguna - 2009ko apirilaren 12an

 

2009ko Aberri Eguneko Udalbiltzaren adierazpena

Udalbiltza-Udalbide, 2009-04-11

1931.a geroztik ospatzen dugu abertzale garenok Aberri Eguna. Urte guzti

hauetan denontzat ezagunak diren gorabeherak bizi izan ditugu, baina,

guztien gainetik, Aberri Eguna Euskaldunon Eguna izan da, gure Nazioaren

aldarrikapenaren eguna, ospakizunetarako, bai, baina baita Euskal

Herriaren eraikuntzarekin gure konpromezua biziberritu eta adierazteko balio

diguna.

Udalbiltza®k, Euskal Herriko udalerri eta udal-hautetsiek osatutako Nazio

Erakundeak, aurten beteko ditu hamar urte. Hamar urte hauetan agerian utzi du

egitura politiko eta administratibo zatikatzaileen gainetik badagoela edozein euskal

lurraldeetan berezkoa den erakunde bat, herrigintzan tradizio handikoa, politikoki

eragilea eta sarean lana eginez mugak gainditzeko gai dena.

Udalbiltza®ren hamar urtetako bideak oinarri tinkoak izan ditu hasieratik:

Euskal Herria nazio bat da, Kontzientzi Nazionalaren jabe den komunitate

historiko, linguistiko eta kulturala.

Euskal Nazioa gure Herria osatzen duten zazpi Lurralde Historikoek osatzen dute,

“gorputza” lurraldetasunak ematen dion bezala, Nazioaren “arima”, berriz, bertan

bizi garen herritar orok.

Nazio bat garenez, gainontzeko nazioek duten neurri berdinean dagokigu, geuri

ere, gure etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea.

Euskal Nazio Eraikuntza euskal hiritar guztion borondate librean bakarrik gauza

dezakegu

Hori da, hain zuzen, aurtengo Aberri Egunerako deialdi honen bidez, berriz ere,

ozen adierazi nahi duguna: euskal gizartearen aniztasuna aitortuz, giza-eskubide

guztien defentsa sutsua eginez, benetako demokraziaren bideari jarraiki, Europako

Herri zaharrenetarikoa garen neurrian, euskal herritar guztion artean Euskal

Nazioaren Eraikuntzan etengabeko pausoak emateko eskubidea gurea dela.

Zoritxarrez, ez dugu, oraingoan ere, gure helburu politikoak gauzatu ahal izateko

girorik aproposena bizi.

ETAk oraindik ere entzungor egiten dio hainbeste aldiz Herri honek eskatutakoari.

Bortxakeriaren eta jazarpenaren bideari ez dio, euskal gizarteak hainbeste aldiz

exijitu arren, behingoz eta betirako uzten.

Herritarrek behin eta berriz ukatu dute ETAren zilegitasuna.

ETAk, inoiz bestelakorik uste izan badu ere, ez du inoiz Herriaren izenean jardun,

baina azken aspaldiko honetan antzekorik esatea errealitatetik guztiz kanpo

egotea da.

ETA da, eta armak uzten ez dituen bitartean izango da, euskaldunok elkarren

artean adostasunetara iristeko dugun traba nagusia. Nazio Eraikuntza barrutik

usteltzen duen harra. Gure Herriaren alde egiteko hain beharrezkoak ditugun

indarrak ahultzen dituen gaitza. Sufrimendua besterik ekoizten ez duena.

Bestalde, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako hirutan izandako azken

hauteskundeetan argi geratu da (lehenago Nafarroan ere agerian geratu zen

bezala) “Estatu Estrategiak” agintzen duela, PSOEk eta PP-ek elkarrekin

diseinatutako Alderdien Legea eta honen aplikazioan ezarritako debeku politikoak

medio, euskal abertzaletasuna erakundeetako ordezkaritzatik desplazatu baitute,

Espainia osoan erabat ezinezkoa den hitzarmen politiko bati Euskal Erkidegoan

forma emanez.

Euskadiko Estatutu Berriari ezetza eman zioten beraiek itxi zioten atea euskal

gizartea kontsultatzeko bideari. Euskal hiritargoaren zati baten ordezkapen

politikoa baliogabetu duten berberak dira egoera horretatik, aurretiaz ondo

kalkulatua zuten etekina atera dutenak. Azken finean, abertzaleon gehiengoaren

balizko “frentismoa” itxuraz arbuiatzen zutenek dira, berriz ere, beti izan diren

bezala, euskal abertzaleon aurka elkar-hartzeko inolako eragozpenik ez dutenak.

Espainiako ezker-eskuinak gauza bakarra dute amankomunean: euskal

abertzaletasuna oldartzea.

Horregatik, aurten, Udalbiltza®ko Udal Hautetsiok Euskal Herria dela gure

Lurraldea eta Euskadi gure Aberria deiadar egin nahi dugu, inoiz baino ozenago,

Jataren tontorrean:

EUSKAL HERRIAREN ABERRIA EUSKADI DA!!

Horregatik elkartu gara gaurkoan, Bizkaiko Jata mendiaren gailurrean, Araba,

Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa Garaia, Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako udalhautetsion

ordezkariak, denok batera, Euskal Herriko lurralde guztietako ikurren

ondoan eta, batez ere, guztiona den Euskadiko ikurrinaren itzalpean

Udalbiltzaren Aberri Eguna ospatzeko.

Gora Euskal Herria!

GORA EUSKADI ASKATUTA!!!!!

Aldaketa garaia, burujabetza garaia

Abertzaleen Batasuna, 2009-04-09

Abertzaleen Batasunak abertzale orori Nazio Eztabaida Guneak heldu den

igandean Irun-Hendaian antolatu dituen Aberri Eguneko mobilizazio eta

ekitaldietan parte hartzeko deia luzatzen die. Karia horretara Euskal Herriko

egoeraz eta indar abertzaleen eginbeharretaz ondoko gogoetak egiten ditu

ABk:

- Euskal lurralde guztietan, abertzaletasun sentimendu eta kontzientzia

bizirik dira maila eta forma desberdinetan bada ere. Euskal populuaren

parte handi batek bere geroaz erabakitzeko nahikaria badu eta gaurko

antolamendu politiko-juridikoarekin ez da inondik ere asetzen.

- Alta, Ipar Euskal Herriko ezagupenari begira oraindik deus funtsezkorik ez

dugu lortu nahiz eta borroka dinamika batzuek (BATERAko izenpetze

bilketa edo EHLG-ren aldeko mobilizazioa besteak beste) bidea

erakusten diguten. Erronka handiak agertzen zaizkigu ondoko

hilabeteetan, frantses lurralde elkargoen erreformarekin. Indarrak

biltzeko garaia da beraz kakofonia ideologiko antzuak gaindituz.

- Euskal Herriko hegoaldeko bi elkargoetan proiektu abertzalea, hots Euskal

Herria bere buruaren jabe izaitea, gelditu eta baztertu nahi duten indar

politikoek “aliantza saindua” egina dute, boto emaileen nahikaria bazter

utzirik eta haien arteko anitz baliogabeko bozkara behartuz. Kolonia

garaietako egoera dirudi benetan!

- Etsipen eta desmobilizazioa baizik sortzen ez dituen egoera honetan

“egoera okerrago eta erantzun batuagoaren” aldeko parioa hutsala

litzateke. Errepresio bortitzagoak, abertzaletasunaren kontrako eraso eta

mesprezu gordinagoak ez dira nahikoak herri mobilizazioa sustatzeko.

- Aldaketa garaia da bai ! Eta lehen lehenik indar abertzaleen aldetik,

bakoitzak dituen erantzukizunen araberakoa, egoera berri honetara

ekarri gaituzten jokaera eta estrategiak gogoetatu eta gainditzeko.

- Eztabaida politikoa ukatu gabe, indar abertzaleek elkarri irainak eta

anatemak baztertu eta konfiantza, esperantza eta perspektiba politikoak

eskaini behar dizkiote Euskal Herriari. Burujabetza garaia ez dadin izan

egun bateko lelo hutsa elkarlana eta indar metaketak premia handiz

bultzatu behar dituzte ondoko hilabeteetan.

2009ko Aberri Egun honetan indar politiko, sindikal eta sozial abertzale

bakoitzak gogoeta dezan bihar, etzi zer egiten ahal duen, zer egin gogo duen,

burujabetzaren aldeko mugimendu zibil eta sozial zabala antolatzeko baldintzak

lehen bait lehen sor daitezen.

0 comentarios