Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

Euskalherriko uholdeak:Zadorra ibaia eta Bilboko Alde Zaharra,arriskutsuan

Gaurko euri jasa handiak direla-eta ibai eta erreketako urek gainezka egin dute, edota egiten ari dira Euskal Herri osoko hamaika lekutan. Horrekin eta 17:23ko itsasgorarekin kezkatuta eta alertan daude larrialdi zerbitzuak. Arratsaldean agintariek Bilborako aipatu duten "uholde arrisku larria" jaitsi egin dela azaldu dute gero, iluntze partean. Metro zerbitzua, dena den, normal dabil orduotan. Ilunabarrean, Zadorra ibaiarekin daude kezkaturik, Arabako hiriburu inguruan bereziki.
Kostaldeko toki batzuetan ere uholdeak gertatzeko arriskua dago, esaterako Lapurdiko hiriburuan, Aturri eta Errobi ibaiekin. Ahal dela autorik ez hartzeko gomendioa egin dute Euskal Herri osorako, eta erreka bazterretako errepideetan bereziki arreta jartzeko.
Araban dago orain kezkarik handiena, ilunabarretik aurrera bereziki. Arratsaldetik Zadorra ibaiari adi dabiltza babes zibileko zerbitzuak eta suhiltzaileak. Urek gainezka egin dute Tresponde eta Villoda herrien artean, Oka Iruñatik gertu, baita Duranan ere. Gasteizko iparraldean, Gamarran, atera egin da Zadorra ibaia, eta hegoaldean Olarizu etorbidea itxi behar izan dute, urak hartuta zegoelako. Gasteiztik gertu, Elorriaga herrian, Santo Tomas errekak ere gainez egin du.
Arabako Aldundiak "arreta berezia" eskatu die ibilgailuen gidariei, Villoda, Tresponde, Mimbredo, Isma eta Bergondan barrena (Añanako koadrilla) doazenerako, baita Gasteiz inguruko Margarita eta Oto herrietan dabiltzanerako ere.
Bigarren mailako errepideetan arazoak dituzte Andagoia, Murgia eta Larrinoan (Zuiako koadrilla), Lautadako Añua, Gazeta, Gebara eta Hereñan eta Errioxako Samaniego herrietan.

Bizkaian eta Gipuzkoan ilunabarretik lasaiago

Ilunabar partean, alarma egoera baretu da Bizkaia eta Gipuzkoan, baina oraindik ere erne jarraitzen dute.Bizkaiari dagokionez, arratsaldeko lehen ordurako Bilboko alde zaharrean denda guztiak itxita zeuden jada, Ibaizabaleko ura Zazpikaleetaraino sartu delako. Udaltzainak kaleetan barrena dabiltza, zer gerta ere. Gauean zer gertatuko den kezka zuten arratsalde hasieran agintariek, bereziki Bilbon eta Basaurin, Nerbioik eta Ibaizabalek uholdeak eragin zitzaketelako. Bilboko Udala hasi da neurriak hartzen, eta eguerdian parte zaharreko dendariei eta ostatuei gunea uzteko agindu die, Arriaga Antzokia husteko, handik autoak ateratzeko... eta abar.
Alonsotegin (Bizkaia) bost bizilagun etxetik eta hainbat lagun eskola batetik eta osasun zentro batetik aterarazi egin behar izan dituzte, Cadagua ibaiak gainezka egin baitu. Ibai berak ere erretena gainditu du Sodupen (Bizkaia). Eguerdi parterako, hala ere, Cadaguaren maila orekatzen joan dela jakitera eman dute. Haatik, Nerbioi, Ibaizabal eta Lea ibaien ur-emariak handitzen doaz.
Herrialde berean, Mungia aldean Butroe ibaiak inguruko landak hartu ditu, eta arazoak eragin ditu Mungia eta Gatika arteko errepidean. Getxon ere arazoak dituzte, Gobela ibaiak zenbait lekutan gainezka eginda. Alerta egoeran daude, eta hango auzo batzuetako bizilagunei ohartarazi die autoak ateratzeko garajeetatik. Eurite gogorrek Etxebarriko Kukuiaga urtegiak gainez egitea eragin dute, eta gainera euri urak biltzeko hodi bat apurtu denez, ur-emari handia sortu da. Ondorioz kiroldegian eta San Antonio auzoko garaje batzuetan sartu da ura. Horrez gain, Bilboko Bolueta auzoarekin lotzen duen Sabino Arana zubia moztuta geratu da, alde horretan urek ibaitik irten dutelako.
Barakaldo eta Trapaga arteko errepidea itxi egin dute putzuengatik, eta Erandion Arriaga auzoko errepidea ere bai. Sestao, Arrigorriaga eta Basaurin ere alertan daude. Basaurin dagoen MercaBilbao azoka husteko agindu dute.
Luizi eta uholdeek FEVE trenbideak Bizkaian duen sareari eragin diote, zehazki Bilbo eta Enkarterriak lotzen dituen linean. Hala, trenak ezin direnez egokiro ibili, konpainiak autobusak jarri ditu bere erabiltzaileak eramateko, Bilboko Zorrotza auzotik Sodupeko geltokiraino. Beste tren zerbitzu batzuek atzerapenak jasan dituzte.
Hala, Renfek aldiriko zerbitzuak eten ditu Trapagaran eta Ortuella artean, Gallartan jazotako luiziengatik. Bestalde, Euskotrenek jakinarazi du eguerdian berriz martxan jarri dutela Larrainetako funikularreko zerbitzua, auzo hau Trapagarango erdigunearekin lotzen duena.
Bizkaian bertan Muskiz parean A-8a itxi egin dute goizean Kantabria (Espainia) aldera, lur jausiak izan baitira. Ertzaintza Zierbenatik aritu da hasieran trafikoa bideratzen. Leku hartan Bilbo alderako noranzkoan errei bat baino ez dago zabalik. Geroago, arratsaldeko lehen orduetarako, A-8an errei bat egokitu dute, txandaka trafikoa bideratzeko.
Mallabian ere luiziak direla-eta Bilborako noranzko erreia, BI-633 errepidean, moztuta dago, eta trafikoa txandaka bideratzen ari da Ertzaintza. Barakaldon itxita dago A-8 autobiderako sarbidea, eta ezkerraldeko hiri hori Trapagarekin lotzen duen BI-745 errepidea zarratu dute.

Eragozpen franko nonahi

Beste herrialdeetan ere eragozpenak sortu ditu euriak. Andoainen (Gipuzkoa) Oria ibaiak gainezka egin du 10:30ak aldera. Herrialde berean, Hernanin, Urumeak Landareko errugbi zelaia urpean hartu du. Gainera, Ega, Deba eta Urola ibaiekin zer gertatuko kezkatuta daude larrialdi zerbitzuak.A-8 autobidean, Irungo Behobiarako norabidean, kontu handiz gidatu behar da, ur putzu handiak sortu direlako. Irun eta Hondarribia artean, azken honetako Jaitzubia auzoan adi ibili dira egun osoan, izen bereko erreka nabarmen goiti egiten ari zelako. Hori dela-eta inguruan dagoen Txingudi Ikastolatik ikasleak atera dituzte arratsaldean.
Nafarroan, Iruñerrian, Arga ibaiak toki batzuetan irten egin du. Horietako bat da Iruñeko alde zaharraren azpian dagoen Madgalena zubiko eremua eta Arantzedi, eta bidea moztua dago. Handik hurbil, Burlatan eta Uharten ere atera dira Argako urak. Landaben industriagunerako errepidea itxita dago.
Nafarroako beste hainbat tokitan ere erne dabiltza larrialdi zerbitzuak, bereziki Uharte-Arakil eta Sakana aldean. Lizarrerrian kasu handia egiten ari zaio Ega ibaiari, arrazoi beragatik.Era berean, N-121 errepidean eta bigarren mailako beste errepideetan arreta handia jartzeko eskatu dute. Bidasoa ibaiaren egoera gertutik segitzen ari dira. A-15 autobidearen eta Ostitz artean dagoen NA-411 errepidean arazoak daude 18. kilometroan, Larraintzartik hurbil, urak ibaiko erretenetik jalgi direlako; NA-4161ean ere, Larraintzar eta Iraizotz artean urarekin arazoak daude. NA-2410ean, Sakanan, 12,6 eta 12,8. kilometroen artean Arakil ibaiak gainez egin du, Arruatzu parean. NA-6120ean, Lerin eta Berbizana artean, 5,55. kilometroan antzeko egoera dute, azken herri horren inguruan. Elurrak ere hamaika eragozpen sortu ditu egunotan, baita gaur ere. Hala, Erronkariko Izaba herria eta Zuberoako Larrañe herriak lotzen dituen errepidea itxita dago, NA-1370 errepidearen 12. kilometroan, Belagua aldean. Hain justu, portu horretan elur biziekin kontuz ibiltzeko ohartarazi du Espainiako Metereologia Agentziak, eta alerta gorria (mailarik gorena) ezarri du.

Lapurdi eta Nafarroa Beherean ere kasu

Lapurdin, Aturri eta Errobi ibaien uren maila biziki igotzen ari dela-eta gertutik jarraitzen dute egoera larrialdi zerbitzuek. Halaber, Urdazuri ibaiari so dira; Senpere eta Azkaineko bizilagunek ongi dakite uholdeak jasatea zer den, eta kezkatuta daude orain. Nafarroa Beherean, arazoak sortu dira Ortzaize herri inguruan.Horiek hala, Euskal Herrian, oro har, errepideetan sortu diren putzu eta istilekin erne egoteko gomendatu dute, eta tentuz gidatzeko.

 

 

 

 

 

 

 

 

0 comentarios