Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

D3M eta Askatasuna baliogabe utzi ditu Auzitegi Konstituzionalak

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota ditu D3Mren eta Askatasunaren defentsak jarritako helegiteak. Haien zerrendak baliogabetzeko prozesu judizialean ez du oinarrizko eskubideen urraketarik ikusi. Gorenaren igandeko erabakia berretsiz, balio gabe utzi ditu martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Bitartean, gainerako alderdiek oztopo eta arazorik gabe hasi dituzte beren kanpainetako ekitaldiak.Atzo bertan Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ziurtatu zuen ezker independentistek haien aukera bozkatzen ahalko dutela. Auzitegi Konstituzionalak erabakiaren berri ematen zuen bitartean, alderdi gehienak kanpainan sartu dira. Ofizialki gaurko 00:00etan hasi da, baina ordurako alderdi guztiak buru belarri hasi ziren botuak eskatzen. Martxoaren 1eko hauteskundeak egin arte bi aste izanen dituzte herritarren babesa lortzeko hainbat mitin, ekitaldi politiko eta promesaren bitartez. EAJk Gasteizko Ama Zuriaren plazan ekin dio. Juan Jose Ibarretxe Bizkaiko zerrendaburua eta lehendakarigaiak, eta Iñigo Urkullu EBBko presidenteak jarraipenaren mezua zabaldu dute Ibarretxe orain inoiz baino gehiago lelopean. "Erabakigunea Gasteizen edo Madrilen dagoen. Hori dago jokoan". Mezu horrekin eta txaloen artean abiatu du kanpaina. Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia eta lehendakarigaiak Portugaleten hasi du kanpaina, bere sorterrian hain zuzen ere. Azken asteetan egin bezala aldaketaren mezua plazaratu du, elkarbizitza sustatuz. "Ajuria Enea irekiko dugu denen artean elkar ulertzeko eta ezberdinen artean hitzarmenak lortzeko». Ibarretxeren "muturreko" politikarekin ados ez dauden "abertzale zuhurren" botoa eskatu du. PPk ere aldaketaren apostua egin du Antonio Basagoitirekin. Mariano Raxoi Espainiako PPko buruarekin eman du lehen mitina Bilbon. Badago konponbidea zeuk erabaki leloa aukeratu dute. Ekitaldian langabezia eta "krisi politikoa" jo ditu helburu nagusitzat. EAJ eta PSE-EEren arteko hitzarmena saihesteko ahalak eginen dituela adierazi du. D3Mk Markinan izan du kanpainaren lehen mitina (Bizkaia). Gogoan izan dituzte atxilotuak. Independentisten indarrak bilduko dituen indarra direla adierazi du D3Mk, eta bidenabar «ezker abertzaleko botoak bildu nahi dituzten alderdiei» zuzendu da. "Gasteizko eserlekuetan eseritzeko ez bada ere, bozka horiek adieraziko dute ezker abertzalea milaka lagunek osatzen dugula, eta hura dela etorkizuna aske erabakitzeko eta bakea lortzeko bermarik sendoena". Ordu batzuk lehenago Etxaidek bide beretik hitz egin du, erranez ez dagokiola berari erabakitzea aurreikusiko diren aukerak, baina bera ere ziur dago "bertze Euskal Herri baten aldeko aldaketa soziala eta politikoa bultzatuko duen eskaintza" izanen dela. Ildo horretan, berdintasunaren aldeko taldeko EHU/UPVko 222 kidek elkartasuna adierazi diote Arantza Urkaregiri. Bestetik ikusteko dago Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak D3Mren eta Askatasunaren jarduerak etetea erabakitzen duen edo ez. Hauteskunde plataformako eta alderdiko kide batzuk inputatuta, neurri horiek agindu ditzake heldu den egunetan. Vicente Gonzalez Mota Auzitegi Nazionaleko fiskala halaxe eskatu zion "bertze batzuen aldeko kanpaina egin ez dezaten edo hautatuak direnak hertsatu". Atzo gauean, Askatasunak ez zuen inongo ekitaldirik deitu. EAk EAJk bezala Gasteiz aukeratu du, Eusko Legebiltzarreko ataria hain zuzen ere. Bertan Unai Ziarretak alderdiko presidenteak independentziaren aldeko kanpaina aurkeztu du alderdi kideekin batera. Ezker Batuak Javier Madrazo bere koordinatzaile nagusiaren esku utzi du kanpainaren hasiera. Bilboko Nervion hotelean hiru zutabe aipatu ditu, krisia, EAJ eta PSE-EE alderdien arteko polarizazioa, eta gizartearen zati baten bazterketa. Soilik ezkerra aukera du lelo gisa Aralarko hiru zerrendaburuak, Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Dani Maeztu, ordea Donostiako Easo plazan izan dira atzo. Ezenarrok ziurtatu du Aralar Eusko Legebiltzar berria gehiengo abertzale izaten jarraitzeko giltza izanen dela. Hortik dator haien leloa. Eragin eta Aldatu. UPyDk Gasteizen aldaketaren apostua egiten duen Eusko Jaurlaritzaren alde izanen dela erran du.Espainiako Estatuko fiskal nagusi Cándido Conde-Pumpido pozik agertu da D3M eta Askatasunaren zerrenden baliogabetzearen aurrean. Horren ildora, adierazi du ETAk eta ETA babesten dutenek "hautestontzien eta armen artean hautatu beharko" dutela. "Batasunaren hamaika marka" legez kanpo utzi direla-eta "ETAren bazkideak hautestontzien eta armen artean hautatu ezean hauteskundeetan ez direla egongo" ohartzea espero du.

0 comentarios