Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

Belfasteko Auzitegiak dio lege oinarria dagoela De Juana Espainiaratzeko

Berria egunkariako berrimailearen.-Preso ohiaren abokatuak helegitea sartuko du, eta Thomas Burgess epaileak maiatzaren erdian jakinaraziko du behin betiko erabakia. Auziko parteek gero, ordea, Belfasteko Auzitegi Apelaziora eta Londresko Lorden Ganberara jotzeko aukera izango dute. Espainiako Auzitegi Nazionalak De Juanaren kontrako euroagindu eskaera egina du, "terrorismoa goratu" zuelakoan abuztuko ongietorriko gutunean.Thomas Burgess Belfasteko Auzitegiko epaileak gaur esan du Iñaki de Juana preso ohiaren ustezko delitua hura Espainiaratzeko modukoa dela, Erresuma Batuko legedia kontuan hartuta badagoela lege oinarria horretarako. Espainiako Auzitegi Nazionalak, hain zuzen, De Juanaren aurkako euroagindu eskaera egina du, "terrorismoa goratu" zuelakoan abuztuko ongietorriko eskutitzean.Burgessek atzo hartu zuen preso ohia, Belfasten, eta gaur 9:15ean (10:15ean Euskal Herrian) berriro agertzeko agindu zion. Orduan leitu du epaileak ebazpena.Orain auziko parteek hilaren 31ra artean helegitea sar dezakete, eta De Juanaren abokatu Edward Fitzgeraldek gaur jakinarazi du sartuko dutela, preso ohiaren "oinarrizko eskubideak urratu" egin direlako. Maiatzaren 14an edo 15ean berriro batuko dira Belfasteko Auzitegian, eta orduan hartuko du epaileak auzitegi hari dagokion behin betiko erabakia.Ondoren parteek Belfasteko Apelazio Auzitegira jotzeko aukera izango dute, baita gero Londresko Lorden Ganberara jotzeko ere -hori da Erresuma Batuko organu judizial gorena.Abuztuan De Juanaren ongietorrian Donostian irakurri zuten gutunean hark Aurrera bolie esaldiarekin "terrorismoa goratu" zuelakoan eskatu dute Espainiaratzea. 21 urte egin zituen De Juanak preso.Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du nahi Burgessek eskua sartzerik auzian. Izan ere, Velascoren arabera, Belfasteko Auzitegiari "ez dagokio" auziaren edukietan sartzea, baizik eta Auzitegi Nazionalari. Aurrera bolie esaeraren esanahiari buruzko azalpenak eskatu zizkion Burgessek Velascori, eta honek Guardia Zibilaren txostenarekin batera igorri zion bere erantzuna.Azaroaren 17an hasi zen auzia. Velascok De Juana bilatzeko eta atxilotzeko euroagindua zabaldu eta sei egunera, euskal preso ohia bere kabuz aurkeztu zen Belfasteko Laganside Auzitegira. Egun osoa Poliziaren esku eduki ondoren, aske utzi zuten, 5.900 euroko bermea ordaindu eta gero. Horrez gain, bertze neurri batzuk jarri zizkion, hala helbidez ez aldatzea, nola gauez etxean egotea eta astean behin polizia-etxean sinatzea.

0 comentarios