Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

IRITZIA:EITB fumigatu

Iñigo Herce/ EITBko kazetaria

Ez da erraza Euskal Herrian kazetaritzan aritzea. Bizi dugun egoera gatazkatsua maiz heltzen da erredakzioetara, eta horrek tentsioa eta dramatismoa eransten dizkio informatzearen lanbideari. Hedabide publiko batean aritzea ez da samurrago edo zailagoa: ezberdina da. ldaketak sumatzen dira Euskal Irrati Telebistaren etorkizun hurbilean. Akaso horregatik ikusi eta entzun ditugu azken egunotan ikusi eta entzun ditugunak politikari, iritzi emaile eta beste zenbaiten ahotan. Besteak beste, «indarkeriaren alde hitz egitea» edota «ETAri bide ematea» leporatu zaie EiTBko albistegiei. Zenbait orrialdetan aldaketak lehenbailehen egitea aholkatu izan da, egun diren edukiak kontuan hartuta EiTB lehenbailehen garbitu edo, zuzenago itzulita, fumigatu behar delako. Kakotxen artean jarritako guztia astebeteko epean egunkari ezberdinetatik ateratako adibide gutxi batzuk besterik ez dira. Ozen esan da, gainera, zuzendaritzaren aldaketa batekin hedabide publikoek balio demokratikoekin duten konpromisoan sakontzea lortuko dela. Egun duten konpromisoa bestelakoa balitz bezala. Antidemokratikoa, alegia. Hedabide publiko batean aritzeak pareko pribatu batek izaten ez dituen azterketa eta analisiei aurre egin behar izatea ekartzen du askotan. Hedabide publikoak, izan ere, behartuta baitaude gizartearen aniztasuna jaso eta errespetatzera. Hala behar du, gainera. Komunikabide pribatuei, berriz, nolabaiteko marjina eman ohi zaie, pribatuak diren heinean, nolabaiteko askatasuna onartzen baitzaie nahi duten ildoa jorratzeko. Hori defendatzen duenak, nola nahi ere, ahantzi egiten du hedabide bat, izan kapital publiko zein pribatua bere finantzabidea, gizarte eragilea dela beti, eta horrek ardura maila handi bat ezartzen diola. Azken egunetan EiTBri salaketa zuzena egin diote: ETAri ahotsa eman izana, D3Mren ekitaldiak hauteskunde kanpainan zehar jarraitu eta jaso izanagatik. Hori bera -D3Mren ekitaldi eta mezuen berri ematea- egin dute ia egunkari guztiek, baina horrek ez du inolako hautsik harrotu. Azken horien kasuan, adierazpen eta informazio askatasuna izan da garaile, antza. Lehenengoan, berriz, errugabetasun ustekizuna. Hori gertatzen ari zen bitartean, legez kanpo geraturiko zerrenden arduradunek behin eta berriro egotzi diote EiTBri bazterketa informatiboa egin izana, bere ekitaldi publikoak isilarazi izana eta epaileen agindua bere albistegietan indarrean jarri izana. Norbaitek azaldu al lezake nola litekeen ETAri ahotsa eman eta, aldi berean, apartheid informatiboa aurrera eramatea? Bi gezur horientzat azalpen bakarra dago: informazioarekin konpromisoa eta eragile politiko guztiei ahotsa emateko erabakia, nahiz eta hori beti ez etorri bat momentuko diskurtso politikoarekin edota batzuen eta besteen interesarekin. Aurreko guztiak ez luke hainbeste garrantzirik izango eta iritzi kontu bat besterik ez litzateke izango beste momenturen batean jazo izanez gero, segur aski. Baina kontua da, duela bi hilabete ETAk ehun kilo leherrarazi zituela gure (eta beste hedabide batzuen) egoitza aurrean, antza EiTBren ildo informatiboari bultzada emateko asmoz. Horixe izango zen ETAri ahotsa eman izanaren saria, antza. Ehunka langileren bizia eta lanpostuak arriskuan jartzea. Duela hilabete pasatxo, gainera, bere azken-aurreko agirian, erakunde terroristak EiTB «ezker abertzalearen aurkako tresna» zela ziurtatu zuen, eta bere arduradunei ohar zuzena egin zien bide beretik jarraituz gero. Hori guztia, hainbeste oihartzun izan ez duten beste gertakari larri askoren azken muturra besterik ez da izan (kamerariei erasoak, kazetariei bidalitako gutun pertsonalak, eta abar). EiTBk mila langile inguru ditu. Neurri horretako edozein kolektiboren aniztasun ideologikoa dauka, gizarteak duen berbera. Azken hori askotan nahita ahaztu egiten da, talde osoa pentsaera bakarrekoa balitz bezala aurkeztuz. Baina, horren gainetik, badu gailentzen den beste ezaugarri bat: bere langileen profesionaltasuna. Horri esker lortu dute telebista lau kateek, bost irratiek eta Interneteko atalak lortu duten babes eta erreferentzialtasuna euskal gizartean. Bai euskaraz, baita gaztelaniaz ere. Agian, horrexegatik, EiTBk izan duen arrakastagatik, eragile politiko guztiek -bai, guztiek- bilatzen dute berau kontrolatzea. Merkatu librean emaitza onak izan dituen plataforma indartsua delako. Eta, horrexegatik, askotan, hitz jantzi eta goi mailako kontzeptuekin mozorrotzen da ikus-entzuleek babestutako tresna hori gidatzeko asmoa. Eta azken hori, ez dezagun ahaztu, gizon eta emakume askoren ahaleginaren emaitza da. Presio, irain, mehatxu eta gezurren gainetik, uhinak eta bite-ak edukiz betetzen saiatzen diren langileak dira, eta helburu jakin baten atzetik ari dira lanean: gizartea informatu eta entretenitzea. Kontatzea merezi duen edozer badago, han kamerak eta mikrofonoak jarriz. Nahiz eta kontatu beharreko hori ez izan batzuen gustukoa, beste batzuen herri ikuspuntuarekin bat ez etorri, unean uneko diskurtso politikoaren kontra joan edo, noski, edozeinen salaketa edota kritika merezi. Edozeinek du eskubidea, jakina. Baina hori egiterakoan zintzotasuna eta errespetua eskatzea bidezkoa da.

0 comentarios