Blogia
ORAIN/Euskal Aldizkaria Katalunian

Literaldia, euskal literatura Katalunian

Hiru hezkuntz-zentroko euskara sailek euskal literatura Katalunian ezagutzera emateko antolatzen duen V. Literaldia ortziral honetan hasiko da, apirilak 17. Hilabete batez errezitaldiek, irakurketek, musika emanaldiek eta lehiaketek publiko kataluniarra euskal literaturara hurbilduko dute.Kemen Lertxundi musikariak inauguratuko du aurtengo ekitaldi-sorta. Bere lehenbiziko lana, Galdutako Zubixak, aurkeztuko du Euskal Etxean gaueko 22:30etatik aitzinera. Hurrengo ekitaldia, liburuaren Egunean, apirilaren 23an, izanen da. Rambletan standa jarriko dute Bartzelonako euskal kultur-erakunde batek euskal literaturgintzako hainbat lanekin, San Jordi eguna aprobetxatuz."Mugarri estaliak: hitza, irudia eta musika" izenburupean, musika, olerki eta marrazki bidezko saioa eskainiko dute apirilaren 24an Euskal Etxean, Castillo Suarez idazlearen olerki batzuetan oinarriturik. Koldo Arnantzek margoak eginen ditu eta Juan Miguel Arzellusek musika piezak.Eider Rodriguezek hitzaldia eskainiko du apirilaren 30an minaren kontsumoari buruz. Eta bere liburu bat, Haragia, izanen dute hizpide maiatzaren 6an eginen duten Irakurle Klubean. Literatura gustuko duten guztiek euskal literatura hobeki ezagutzeko helburuarekin sortutako kluba izanen da.Mihiluze saio ezaguna aitzakiatzat hartuta, Bartzelona osoko euskara ikasleak lehiaketa berezian parte hartuko dute maiatzaren 8an. Euskara eta euskal kultura ondoen ezagutzen dutenek irabaziko dute.Bertsoak ere lekua izanen du Literaldian. Hamaika Bertuteko bertsolariek saioa eskainiko dute maiatzaren 9an, Euskal Herriko arte literario zaharrenetarikoa bertakoei hurbiltzeko.Victor Alexandre idazle kataluniarraren liburu aurkezpenak, ipuin eta bakarrizketa gauak, Bartzelonan barnako literatur irteerak, Edorta Jimenezen hitzaldiak, Leire Bilbao eta Castillo Suarezen olerki errezitaldiak, Hedoi Etxarteren kontzertu poetikoak eta Mugarri estaliak izeneko erakusketak osatuko dute aurtengo Literaldiaren programazioa.Antolatzaileek ORAIN-i adierazi diotenez, "kataluniako jendeari zuzendutako ekimena da, baina euskaldun guztiak ere gonbidatuta daude, euska literatura hobeto ezagutu eta Bartzelonaz gozatzeko".

 

 

0 comentarios